Juanita Ibaibarriaga lehiaketan murgilduko dira datozen asteotan LHko eta DBHko ikasleak

Ander Gomez 2025ko urr. 9a, 07:07

XXX. edizioko sari banaketa, Antzokian. Argazkia: Ermuko Udala.

Euskara Sailak zabaldu berri du Juanita Ibaibarriaga literatur lehiaketaren XXXII. edizioa. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek hartuko dute parte eta irabazleek erosketa bonuak jasoko dituzte sari. Azaroaren 5era arte aurkeztu ahalko dira lanak.

Ermuko gazteen artean idazteko grina pizteko sortu zen Juanita Ibaibarriaga lehiaketa. 32. edizioa beteko du aurten eta, aurrekoetan bezala, Ermuko ikastetxe guztietako ikasleek hartuko dute parte.

LH kategoria

Lehen Hezkuntzako parte-hartzaileak 3. mailatik gorakoak izan beharko dira. Ipuinak edo narrazioak idatzi ahalko dituzte, gaia librea delarik. Kurtso bakoitzeko saritu bat egongo da eta 40 euroko erosketa bonua jasoko dute Ermuko komertzioetan erabiltzeko.

DBH kategoria

Bigarren Hezkuntzako ikasleek ipuinak, narrazioak edota erreportajeak idatz ditzakete. Era berean, gaia librea izango da eta kurtso bakoitzeko saritu bat egongo da. Irabazleek 60 euroko erosketa bonua jasoko dute bertako komertzioetan erabiltzeko.

Lanen aurkezpena eta sari banaketa

Ikasleek berauen ikastetxeetan entregatu ahalko dituzte lanak; bestela, Lobianon ere aurkeztu ahalko dituzte, eskura, edo online euskara@udalermua.net helbidera bidalita. Lanak aurkezterakoan egilearen anonimotasuna zaindu beharko da: Eskura aurkezten dutenek kartazal handi batean sartu beharko dute idazlana eta, harekin batera, egilearen datuak dituen gutun itxi bat. Online eginez gero, idazlana eta datuak bi artxibo desberdinetan bidaliko dira. Honakoak dira erantsi beharreko datu pertsonalak: izen-abizenak, adina, ikasturtea, helbidea eta telefonoa.

Azaroaren 5era arte (asteazkena) aurkeztu ahalko dira lanak eta sari banaketa Euskararen Egunean egingo da, abenduaren 3an, Ermua Antzokian egingo den ekitaldi berezian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.