Zure haurtzaroan pentsatzean, zer datorkizu burura?
Oporraldiak ditut gogoan batez ere... Amamaren etxean igarotzen nuen uda osoa, Albaceteko herri batean, eta bertan txabolak egiten genituen, igerilekura joan, beroa, eguzkia... Oso dibertigarria zen. Ermuari dagokionez, Ikastolako kontuak gogoratzen ditut, neba txikia jaio zenean...
Eta gaztaroa?
Elgoibarrera joateko garaia tokatu zitzaidan, gero Eibar, Ermua... Batxilergoa Eibarko Unian egin nuen eta urte politak izan ziren, jende asko ezagutu nuen eta beste giro bat ere bai.
Zer izan nahi zenuen handitan?
Arkitektoa, zientzien adarretik joan behar zela jakin nuen arte!
Zergatik aukeratu zenituen Arte Ederrak?
Txikitatik margotu izan dut, eta nahiko argi neukan bidea hori zela. Hala ere, Batxilergoan zalantzak izan nituen, lan irteerei erreparatuta, inork ez ninduelako animatzen. Baina tira, pozik nago hartutako erabakiarekin.
Artearen munduan, zein da zure gustuko esparrua?
Pintura eta grabatuan espezializatu nintzen, baina pinturan aritzen naiz batez ere, Ermuan estudio txiki bat dudalako. Grabatua egiteko, aldiz, Bilbora joan behar naiz, erreminta bereziak behar direlako.
Badago probatu nahiko zenukeen diziplinarik?
Bai, moda, esaterako: asko gustatzen zaizkit brodatuak eta pinturan aplikatu nahiko nituzke, modu abstraktuan. Esploratzeko daukadan esparrua da.
Zeintzuk artista miresten dituzu?
Philip Guston eta Hilma Af Klint. Lehenengoak erakutsi dit ez dela derrigorrezkoa beti norabide berean joatea; bigarrenak, aldiz, oso ondo lantzen zuen arte abstraktua, baina hil arte bere lana ez zen aintzat hartu.
Museoetara joateko ohitura duzu?
Bai, ia urtero Madrilera noa, Reina Sofíara, Thyssen-era eta Prado Museora. Horrez gain galeria ezberdinetara joaten naiz.
Zein museotan erakutsi nahiko zenituzke zure lanak?
Berdin zait, areto txiki batekin pozik.
Non egiten duzu lan?
Lanbide Heziketako irakasle hasi nintzen aurreko astean.
Aisialdian...
Margotzea da nire zaletasun handiena, baita ere paseatzea, landareak eta zuhaitzak haztea, etxean pelikulak ikustea, irakurtzea...
Kirola praktikatzen duzu?
Boxeoa praktikatzen nuen eta gimnasiora joaten nintzen, eta ohitura horiek berreskuratzeko bidean nago.
Kirolen bat jarraitzen duzu?
Errotabarriko partidak ikusten ditut, lagun batzuk bertan jokatzen dutelako.
Bidaiatzea gustatzen zaizu?
Bai, baina egia esan ez ditut bidaia asko egin. Mila lekutara joango nintzateke: leku paradisiakoetara (Costa Rica, Kuba, Mexiko...) ; Suediara; eta azkenik museo-turismoa egingo nuke Europatik, esaterako, Amsterdameko Rembrandten eta Van Goghen museoetara.
Musika gustatzen zaizu?
Bai, rocka, rapa eta reggaea gustatzen zaizkit batez ere. Protesta egiten duten taldeak gustatzen zaizkit, baita euskal musika ere: Glaukoma, Vendetta, Esne beltza, Skalariak...
Irakurketa...
Pila bat gustatzen zait, baina azkenaldian denbora gutxi daukat: komikiak gustatzen zaizkit irakurterrazak direlako, baina gehien estimatzen dudana arteari lotutako saiakerak dira, autobiografiak, artisten egunerokoak...
Telebistan...
Etxean ez daukat antenarik, plataformetan ikusten dut den-dena, batez ere telesailak eta pelikulak. Telebista arruntetik El Conquis bakarrik ikusten dut.
Jatun ona zara?
Orain bai, eta asko gustatzen zaizkit hanburgesak, dilistak eta babarrunak, baina ez zait gustatzen kozinatzea, behar beharrezkoa denean bakarrik egiten dut.
Bertute eta akats bana?
Beti saiatzen naiz autokritika egiten, eta ahalegintzen naiz gustatzen ez zaidana besteei ez egiten. Akatsari dagokionez... oso desordenatua naiz.
Puntuala zara?
Bai, oso, eta amorrua ematen dit batzuk beti berandu heltzeak.
Eguneko zure momentua?
Gauean, lan guztiak bukatuta, gustura egoten naiz sofan telesail bat ikusten edo irakurtzen.
Erraz haserretzen zara?
Ez, pazientzia daukat.
Zerk ateratzen zaitu zure onetik?
Nire nebak, kar-kar! Ez, benetan ez zaidana gustatzen da jendeak behin eta berriro esatea gizartearen arabera zer gauza egin beharko nituzkeen nire adinarekin.
Eta barrea eragin?
Bakarrizketazalea naiz. Bihar Henar Álvarez ikusteko sarrerak hartuko ditut.
Zerbait egin ez izanaren pena duzu?
Ez, nahi izan dudana egin dut eta ikasi dut, lan handia egin eta gero.
Zure bizitzako egunik zoriontsuena?
Eibarren egin nuen erakusketa aurkeztu nuenean.
Lagunekin zaudenean, nahiago duzu entzun edo hitz egin?
Orokorrean, hitz egitea gustatzen zait.
Ondo moldatzen zara teknologia berriekin?
Erdipurdi, ez naiz teknologiazalea, baina azkenaldian adimen artifizialak jakin-mina sortu dit.
Etorkizunera edo iraganera bidaiatuko zenuke?
Etorkizunera, hemendik 200 urtera. Distopien frikia naiz, eta jakin nahiko nuke noraino helduko den teknologia.
Zein albiste irakurri nahiko zenuke?
Palestinako sarraskia eta gerrak orokorrean bukatu direla, bakearen bidean gaudela.