GURETIK MUNDURA

Sara Iglesias, Panama: “Karibea eta Pazifikoa distantzia berdinera daude, eta hondartza desberdinetara joan ohi naiz”

Nahia Ruiz Albizuri 2025eko azaroaren 6a

2017an BEINT programan parte hartzen hasi zen Sara Iglesias ermuarra, eta programaren azken zatia Panaman burutu zuen. 2019ko urtarrilean heldu zen bertara, bikotekidea ezagutu, eta geratzea erabaki zuen. Sei urte daramatza bertan bizitzen.

Zertan egiten duzu lan Panaman?

Urtean behin egiten den Tribal Gathering Panama festibalaren ekoizlea naiz, eta jaialdia burutzeko behar den guztia lortzeaz eta kudeatzeaz arduratzen naiz. Festibal honetan munduko tribu desberdinak batzen dira, 16 egun irauten duen topaketan, eta bertan bakoitzak bere jakinduria partekatzen du besteekin. Tribuetatik aparte, beste hiru eszenatoki eraikitzen ditugu, munduko musika eta psytrance musika nahasten dituztenak. Baina festibalean gehien gogoko dudana, seguruenik, kokapena da: Karibeko hondartza batean burutzen da, non ez dagoen ezta kutxazain automatikorik ere bi orduko ibilbidea egiten ez bada kotxez. Horrez gain, urtean zehar, Panama hirian daukagun Tribal Gathering LAB kultur zentroa kudeatzen dut, non era ezberdinetako ekitaldiak ekoizten ditugun: emakumeen eskubideen aldeko ekintzak, musika elektronikoko jaialdiak, auzoko kideekin tailerrak eta LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen aldeko ekitaldiak, besteak beste.

Panaman gaztelaniaz hitz egiten duten arren, badago hitzen bat bertan erabiltzen dutena eta hemen ez?

Panaman jargoi asko erabiltzen da. Beltz, asiar, indigena, espainol, estatubatuar eta europar askoren nahasketa egon da, eta horregatik oso ohikoa da ingelesetik hartutako hitz asko espainolez esatea. Adibidez, estatubatuarrei eta europarrei “gringo” deitzen digute, militarrak heltzen hasi zirenean, berdez jantzita joaten zirez, “green go” esaten zietelako. Panamako beste gauza bitxia da hitzei buelta ematen dietela, adibidez, "mopri" (primo) edo "que xopa" (que pasó) esaten dute.

Badago zerbait harritu zaituena?

Niretzat dena da oso desberdina. Nahiz eta hizkuntza berdina izan, hitz egiteko era eta esaten dituzten gauzak oso bestelakoak dira beti. Gainera, Estatu Batuek botere handia dute hemen, eta nabaritzen da bizitzeko eran.

Zein da bertako janari tipikoa?

Panamak ez du janari tipiko askorik, mundu osoko nahasketa duen herria delako, baina esango nuke sancochoa (oilasko zopa) eta platanoa kozinatuta direla gehien jaten diren gauzak. Badaude ere, desayuno típico chino edo almuerzo jamaicano bezalako plater tipikoak.

Zer egiten duzu aisialdian?

Hemen eguraldia nahiko antzekoa da beti: 34 eta 38 gradu bitartean, % 80ko hezetasunarekin, beraz hondartzara joatea ideia ona da beti. Bertan, hondartzan egiten diren gauza guztiak egiteaz gain, animalia asko ikusteko aukera dago: pelikanoak, iguanak, sugeak... Hirian geratzen banaiz, patinekin irteten naiz, edo rooftop-en batera joaten naiz zerbait hartzera.

Ermuaren falta nabaritzen duzu?

Familia eta lagunez gain, denbora librea erabiltzeko dugun moduaren falta sentitzen dut. Hemen, familiek etxean pasatzen dute denbora librea, ez dira inoiz kalera irteten, egunero eguraldi ona daukaten arren. Arraroa egiten zait gehiago ez aprobetxatzea! Ordena ere faltan botatzen dut, Panama Hiria oso zaratatsua eta kaotikoa baita.

Itzultzeko gogorik?

Bai, beti sentitzen da herrimina hain urrun zaudenean!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.