2021. urtera arte 12 desfibriladore zeuden Ermuan, eraikin desberdinetan banatuta. Ondoren, beste 10 desfibriladore jarri zituen Udalak, oraingoan kaleetan, 24 orduz herritarrentzat eskuragarri egon zitezen.

Ermuko desfibriladore guztien kokapena (egin klik gainean irudia handitzeko).
Azpiegituren instalazioarekin batera sortu zen "Ermua, hiri kardio-babestua", Udalak eta Bexen Cardio tokiko enpresak bultzatutako ekimen publiko-pribatua, desfibriladore horien erabileran eta bestelako tekniketan trebatuko ziren herritaren sarea sortzeko. Egun, 279 boluntariok osatzen dute "erreskatatzaile" sare hori.
Urri honetan, BBBan eta desfibriladoreen erabileran oinarritutako formakuntza eskainiko dute, bi motatako saioekin: "hastapenekoak", erreskatatzaile sarera batu nahi diren pertsonentzat; eta "birziklapenekoak", ezagutzak berritu eta eguneratu nahi dituzten esperientziadunentzat. Boluntario berrientzako saioek 3 orduko iraupena izango dute, eta urriaren 20tik 24ra bitartean, egunero talde desberdin baten formakuntza egingo da Izarra Zentroan (4. solairuko D aretoan), 17:00etatik 20:00etara. Dagoeneko erreskatatzaileak direnek, aldiz, bi orduko errepaso-saioa izango dute, eta bost saio aurreikusi dituzte: urriaren 27tik 30era bitartekoak arratsaldez egingo dira, 17:00etatik 19:00etara; eta 31koa izango da goizez egingo den bakarra, 09:00etatik 11:00etara.
Interesa dutenek izena eman dezakete 943 17 02 20 telefonora deituta edo online formularioa beteta.