Euskara ikasteko %100erainoko dirulaguntzak emango ditu udalak

Drogetenitturri 2025ko urr. 14a, 07:11

Euskaltegiko ikasleak San Blasak egiten. Argazkiak: Kaltxango AEK.

Ermuko Udalak euskara ikasi nahi dutenei zuzendutako dirulaguntza-deialdia zabaldu du aurten ere, herritarren artean euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko helburuarekin. Eskabideak urriaren 27ra arte aurkeztu daitezke, bai telematikoki, bai Abiapuntu bulegora gerturatuta.

Dirulaguntzen zenbatekoa ikaslearen profilaren araberakoa izango da: ikasle estrategikoek, gazteek, ikasle bereziek eta oinarrizko erabiltzaileek matrikularen %100 jaso ahal izango dute; ikasle ohikoek, berriz, %50. Ordainketa ikastaroa gainditu ondoren egingo da.

Eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Ermuan erroldatuta egotea.
  • Udalarekin zor ekonomikorik ez izatea.
  • 2023-2024 edo 2024-2025 ikasturteetan matrikulatuta egotea edo izena emanda egotea.
  • Azpimaila gainditzea (salbuespenak egon daitezke B2 eta C1 mailetan).
  • Azken 5 urteetan azpimaila mailako laguntzarik jaso ez izana.
  • %80ko asistentzia eta B2 maila lortu arte ikas-prozesuan jarraitzea.

Eskabidearekin batera, ondoko agiriak aurkeztu beharko dira: ikaslearen ibilbide orria (ikasle berrien kasuan ez da beharrezkoa), bankuko agiria eta matrikularen ordainagiria (Kaltxango AEK-ko ikasleek izan ezik). Horrez gain, hautazko dokumentuak ere onartuko dira, hala nola EABA agiria, errenta-aitorpena edo lan-agiria.

Eskaera egiteko epea urriaren 27an (astelehena) bukatuko da, eta dirulaguntzen ebazpena abenduaren amaieran argitaratuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.