Urriaren 15eko lanuzte egunarekin bat egin zuten Ermuko eta Mallabiko ikastetxeek, enpresa ugaritako langileek eta tokiko dendari eta tabernariek, manifestazioen ordurako establezimenduen ateak itxiz:
Atzo iluntzean, 750 lagunetik gora zeharkatu zituzten Ermuko kaleak. Burrunba betean egin zuten, kazolak, zartaginak eta txilibituak hartuta palestinarren genozidioaren kontra protesta eginez. Plazan amaitu zuten eta Ermua Palestinarekin Ekimenak irakurritako komunikatuan honakoa salatu zuten: joan den astean su-etena indarrean sartu zen arren, Israelek Palestinako herriaren genozidioa gauzatzen jarraitzen duela, "azken bi urteetan ikusi duguna baino intentsitate txikiagoarekin bada ere". Genozidioak aurrera jarrai ez dezan, beharrezko ikusten dute lanuzte orokor "historiko" honetan egindako bideari jarraitzea: "izan ere, milaka eta milaka pertsona kalera atera gara gure agintarien, Europar Batasunaren, Espainiako Gobernuaren, enpresarien eta Eusko Jaurlaritzaren gaineko presioa mantendu eta areagotzeko, behingoz zigorrak ezarri eta Israelekin dituzten harreman guztiak eten ditzaten".

Mallabian apur bat lehenago elkartu ziren, 18:30ean, dolu perinatalaren inguruko solasaldiaren hitzordua mantentzeko (azpiko argazkietan ikus daitekeen bezala, han ere Palestinaren aldeko keinuak izan zituzten). Iraila hasierako elkarretaratzean bezala, 60 bizilagun inguru batu ziren atzo udaletxeko inguruetan, "Palestinarekin Konpromisoa" lelopean.
