Urriaren 20tik 24ra ospatuko da Nagusien Astea, jarraian egitarau osoa:
Gaur, astelehena, plazako dantza ikastaroan eman dute goiza jubilatuek. Aldi berean, petankara apuntatu direnek (urriaren 15a zen azken eguna eta egunean bertan egin zuten zozketa) txapelketari hasiera eman diote. Arratsaldean, berriz, Eibarko Untzaga Jubilatuen Elkarteko abesbatzak kontzertua eskainiko du elizan, 18:00etan.
Bihar, asteartea, mantenu-gimnasia saioa egingo da plazan, 10:30ean, eta petankako txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da.
Asteazkenean, 10:30ean, Osakidetzak antolatutako ibilaldi osasungarriari ekingo diote. 11:00etan, bigarren dantza saioa egingo da plazan, petanka txapelketaren jarraipenarekin batera. Arratsaldean, bingo berezia jokatuko da jubiletxean, 17:00etan.
Ostegun goizean, arku-tiroan, dardoetan eta igel-jokoan aritzeko aukera izango dute plazan, 10:00etatik aurrera. Goizean zehar ere, petanka txapelketaren finalak jokatuko dira. 16:30ean udazkenari buruzko hitzaldia emango du Osakidetzak, eta 18:30ean kalejira egongo da, jubiletxeko kantu-taldearen eskutik.
Ostiralekoak izango dira Nagusien Asteko azken ekintzak: 09:30ean mendi martxa egingo dute, eta 14:30ean, merezitako bazkari herrikoia egingo dute guztiek batera.
Iazko Nagusien Astean, gimnasia ariketak egiten Merkatu plazan. Argazkia: Jubiletxea.