Pou anaiek Ermua bisitatu zuten atzo

Ander Gomez 2025ko urr. 30a, 13:36

Artarrai Mendi Taldeak punta-puntako gonbidatuak ekarri zituen atzo, 50. urteurrena ospatzeko egitarauaren baitan: mendiko eskaladan mundu mailako erreferente diren Eneko eta Iker Pou anaiak. 85 lagun inguru bertaratu ziren eta, proiekzioa ikusteaz gain, anaiekin solasteko eta sinatutako liburuak etxera eramateko aukera izan zuten. Argazkiak: Koldo Aranberria.

Atzo, urriaren 29an, Ermuan izan ziren Eneko Pou (Gasteiz, 1974) eta Iker Pou (Gasteiz, 1977) goi-mailako eskalatzaile eta alpinistak. Artarraik antolatu zuen hitzordua eta herriko zein inguruko mendizalez bete zuten Lobiano Kulturguneko ikus-entzunezko gela.

"Lau elementuen erronka" diaporama aurkeztu zuten arabarrek, munduan zehar (Himalaian, Santo Tomen, Andeetan...) egin dituzten ibilaldi eta eskaladak erakutsiz.

Ikusleak mutu uzteko bezalako irudiak erakutsi zituzten arren, aurkezpena bukatzean bertaratutakoekin berba egiteko eta euren galderak erantzuteko tartetxoa hartu zuten.

Iazko azaroan argitaratutako liburu izenkidearen aurkezpentxoa ere egin zuten. Ale batzuk ekarri zituzten, eta berauek eta aurretik kaleratutako "Aupa Pou" liburuak sinatzeko tartea hartu zuten. Artarraiko kideentzako alea dedikatzean, "beste 50 urte" opa zizkioten taldeari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.