Hipika eta izotz-patinajea bezalako jarduerak eskainiko dira Negulekuetan

Ander Gomez 2025eko azaroaren 5a

Negulekuak ume eta gaztetxoei zuzendutako aisialdi ekintzak dira, non oporrak aprobetxatu eta disfrutatzeaz gain, euskara praktikatzeko eta hobetzeko aukera izango duten lagunartean. Gainera, egitaraua txango eta ekintza erakargarriz beteta egongo da. Inskripzioak hilaren 13ra arte egongo dira zabalik.

Bueltan dira Negulekuak eta gabonetako oporraldian ekintza pila egiteko aukera izango dute LH1etik LH6ra bitarteko umeek:

Abenduaren 24an, Negulekuen aurkezpena egingo da, eta Olentzero eta Maridomingiren bisita izango dute, 09:00etatik 13:30era.

Abenduaren 29an, hipika saioa egingo dute Berrizen, 09:00etatik 17:00etara.

Abenduaren 30ean, Ermuko Gabonetako Haur Parkean izango dira, eta eskulan tailerra izango dute, 09:00etatik 17:00etara.

Abenduaren 31n, Durangora joango dira, Landako Gunean muntatuko den izotz pistan patinatzera, 09:00etatik 13:30era.

Urtarrilaren 5ean, beste txango bat egingo dute: Zarautz-Getaria ibilbidea, 09:00etatik 17:00etara.

Jarduera guzti honek behin behineko egitaraua osatzen dute, aldaketak egon daitezke edo ekintza gehiago gehitu.

Izen-emateak 55 edo 44 euroan

Interesa dutenek, hurrengo pausuak jarraitu behar dituzte: Lehenengo, umeari dagokion tasa ordaindu beharko da Kutxabank-eko ES54 2095 4408 5091 1099 0751 kontu zenbakian; kontzeptuan 'Negulekuak + (umearen izen-abizenak)' jarriz. Matrikularen tasa arruntak 55 euroko kostua dauka; eta bi anaia-arreba apuntatzen dituztenek edo familia ugariko kide direnek 44 euro ordainduko dute plazako. Behin bankuko ordainketa agiria izanda, eskabidea egin ahalko da, fisikoki Abiapuntuko bulegoan edo online egoitza elektronikoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.