Zer dela-eta joan zinen Madrilera eta zein izan da zure ibilbidea bertan gaur egun arte?
Madrilera etortzeko gogoa neukan, eta Alain Kortazar ermuarrak lana topatu zidan Warner jolas-parkeko “Beldurraren etxea” (“La casa del terror”) deritzon atrakzioan. Denbora tarte baten elkarrekin egon ginen lanean, baina gero Ikus-entzunezko komunikazioa ikasten hasi nintzen. Ikasketetako praktikak Tele5ko Socialité programan egin nituen, bideo editore, eta zeregin horretan jarraitu nuen gero ekoiztetxe batean, Telemadrid kanalarentzako bideoak egiten.
Bat-batean pantailara salto egin zenuen...
Bai, denborarekin iruditu zitzaidan lanari astindu bat eman behar niola, zerbait kreatiboagoa egin, pantailan agertu... Esan eta egin. Mikrofono bat erosi nuen Interneten eta, mugikorraren kamera erabilita, elkarrizketak egitera irten nintzen kalera. Galdera arinak egiten nituen, barre artean grabatu, eta egia esan emaitza oso dibertigarria izan zen. Bideo horiek sare sozialetara igo nituen, nire nagusiek ikus zitzaten.
Eta ikusi zituzten?
Bai, hala izan zen, eta lan-eskaintza bat egin zidaten: estilo berdineko elkarrizketak grabatzea telebista programa baterako. Hilabete batzuk eman nituen horretan, eta ekoiztetxe berak EITBrentzat lan egiten zuenez, 2024ko irailean estreinatu behar zen RH+ programan lan egiteko proposamena egin zidaten. Donostiara bizitzera etorri nintzen urtebetez, eta programa hartan lan egitea esperientzia zoragarria izan zen.
RH+ saioan, platoan ere agertzen zinen, ezta?
Bai, elkarrizketak egiten nituen kalean, antzeztu, platoan irten... Oso lan nekagarria zen, baina aldi berean oso aberasgarria. Zoritxarrez, aurtengo maiatzean bukatu da, baina egia esan baneukan Madrilera bueltatzeko gogoa... Eta Madrilen nengoela, Vascos por el Mundo ekoizten duen ekoiztetxea nirekin harremanetan jarri zen, eta programako aurkezlea izateko proposamena egin zidaten.
Nola hartu zenuen proposamena?
Buff, bada, nagusiekin hitz egin nuen eta esan nien hegazkinak beldurra ematen didala, ez naizela oso bidaiazalea, eta ez dakidala ingelesa! Tira, agian ez nintzela egokiena! Baina lasaitu egin ninduten eta baietz esan nuen, aukera polita zelako.
Programak ikusi zenituen, beste aurkezle batzuk nola egiten zuten ikusteko?
Programak ikusi nituen begirada kritikoarekin, nik nola egingo nuen irudikatzeko, baina ez eredu bezala erabiltzeko. Izan ere, uste dut ni aukeratu nindutela nire estiloa gustatzen zitzaielako, elkarrizketak egiteko dudan era bereziagatik. Antzerkiaren mundutik nator eta uste dut horrek ukitu berezia ematen diela nire programei.
Nolakoa da Vascos por el Mundo sortzeko prozesua?
Programak fase ezberdinak ditu: lehenengo bost egunetan aurreprodukzioa egiten da, gero grabazioa eta azkenik edizioa. Oso lan exijentea da: pantailan agertzen diren euskaldunak topatzea izan ezik, gainontzeko lan guztia erreportariok egiten baitugu. Egun batetik bestera esaten digute nora joango garen, eta elkarrizketatu behar ditugun lauzpabost lagunen profilak ematen dizkigute. Momentu horretan bertan haiekin kontaktuan jarri behar gara, haiek ezagutzeko eta bidaia planifikatzen hasi ahal izateko.
Pantailan agertzen diren euskaldunek dirudien bezain ondo ezagutzen dute haien hiria?
Ez, gehienek ez dute batere ezagutzen, eta guk egin behar diegu gidoitxoa, azaldu behar dutena zehazteko. Preprodukzioko egun horiek gogorrak dira, oso zaila delako lau edo bost pertsona ezberdinen ordutegiak koadratzea egun gutxitan programa grabatu ahal izateko.
Bada, zenbat egunetan grabatzen da?
Zazpi egunetan, eta zoramena da! Lana ikaragarri polita da, baina ez da bidaiatzea eta turismoa egitea, jendeak pentsatu dezakeen bezala, ez daukagu horretarako denborarik. Jardun gogorrak eta luzeak dira. Egun bakoitzean eduki batzuk grabatu behar ditugu, eta gehienetan, elkarrizketatzen dugun pertsona ez dago ohituta kamera aurrean egoten, urduri dago, ez zaio testua irteten... Bitartean denbora aurrera doa, lotuta dituzun gauzak atzeratzen dira, ezin duzu aurpegi txarra ipini... Ez da erraza, oso estresagarria da. Egia da ere, badaudela pertsona batzuk berezko grazia dutenak, eta primeran egiten dutenak lehenengoan.
Zenbat lagunek osatzen duzue lantaldea grabazio bakoitzean?
Bi lagun: kamera eta biok. Ez dago besterik. Kamerak autonomoak dira, ez ditugu aurretik ezagutzen, eta baliteke elkarrekin ondo ez konpontzea. Ez da ohikoa, eta ni oso gustura egon naiz egokitu zaizkidan lankideekin.
Zein herrialdetara joatea tokatu zaizu?
Bi saio grabatu ditut: lehenengoa Brnon, Hego Moravian (Txekiar Errepublika), eta bigarrena Bruselan (Belgika). Grabatu behar nuen hirugarren herrialdea Europatik kanpo dago, eta horrek beldur handia ematen zidan, oso urruti dagoelako, baina kontua da momentuz grabazioak bertan behera geratu direla. Bospasei lankide gara, eta guztion artean bederatzi kapitulu grabatu ditugu, 2026an emitituko direnak.
Programa horietan berriemaileek esperientzia bereziez gozatzeko aukera izaten dute batzuetan. Suertatu zaizu horrelako aukerarik?
Egin ditudan gauza guztien artean gehien gustatu zaidana globoan bidaiatzea izan da. Naiara deitutako euskaldun batekin egin nuen bidaia hura , eta bai bidaia, bai neska zoragarriak izan ziren!
Zer izan da gutxien gustatu zaizuna?
Kamera aurrean egon den elkarrizketatua txarto pasatzen ari zela ikustea, aurrera egin ezinik... Presaka ibili behar izatea ere oso estresagarria da.
Aipatu duzu programaren azken fasea edizioa dela. Lan lasaiagoa da?
Ez, inondik inora. Bidaiatik bueltan hamar egun ditugu grabatutakoa editatzeko, eta hau da zatirik gogorrena nire ustez. Erlojupeko lana da.
Grabazioak berriro hasten badira, eta lantaldera batzeko proposamena egiten badizute, baietz esango duzu?
Ez dakit, baietz pentsatzen dut, programa hau opari bat delako, baina zalantzak ditut... Bidaia hauetan konturatu naiz uste baino beldurtiagoa naizela: oso txarto pasatzen dut hegazkinean.
Eta zer daukazu gaur egun esku artean?
Momentu honetan proposamenak jasotzeko zain nago. Azken egunetan pentsatzen ibili naiz ea telebistara bueltatuko nintzatekeen..., eta bakarrik bueltatuko nintzateke proposatzen didaten programa oso interesgarria izango balitz, orain arte egin ditudanak bezalakoak. Eta badakit proiektu apartak etorriko direla, gauza apartak heltzen zaizkidalako beti!


