Jaioberria zen alabaz gozatu ahal izateko utzi zenuen txirrindularitza profesionala 2023an. Bertigo apur bat eman zizun?
Bai, bizitza guztian egin dudan gauza bakarra bizikletan ibiltzea izan delako. Kontua da aita izan nintzenean pentsatzen nuela aitatasuna eta txirrindularitza ondo uztartuko nituela, baina ikusi nuen ezinezkoa zela, eta bizikleta lagatzea erabaki nuen. Atseden hartzeko asmoa neukan, baina lan proposamena egin zidaten berehala: Laboral Kutxa-Euskadi taldeko kirol zuzendaria izatea, eta onartu egin nuen. Uste dut oraindik ez dudala pasatu txirrindularitza utzi izanaren dolua, gaur egun ere lehian jarraitzen dudalako, beste modu batera, baina filosofia berdinarekin.
Erronka izan zen lan berri honi heltzea?
Bai, ez nuen zalantzarik izan, baina esango nuke beldur apur bat sentitu nuela. Ordura arte nire buruaz bakarrik arduratzen nintzen, baina orain ume bat daukat etxean, 14 neskez osatutako taldea aurrean...
Zein da zehatz-mehatz txirrindularitza talde baten kirol zuzendariaren zeregina?
Lanak bi zati ditu: alde batetik, lasterketen aurretik txirrindularien izen-emateak egiten ditut, hotelak eta hegazkinak erreserbatu, ibilgailuak eta staffa kudeatu (masajistak, prestatzaileak, mekanikoak, kazetariak…), gonbidatuak... Kudeaketa eta logistika lana da, eta iaz erronka handia izan zen horri heltzea; aurten hobeto nabil, lanari tamaina hartuta. Bestalde, lasterketaren dinamika eta estrategia ere nire esku daude, baina hori barneratuta daukat eta berez irteten zait. Eroso nago lan horretan, eta hori da gehien gustatzen zaidana: kotxean noanean aholkuak eman txirrindulariei, lasterketa nola doan esan...
Zenbat lagun joaten zarete kotxean?
Normalean bi: ni aurrean, eta mekanikoa atzean.
UCI Women's Pro Continental Team kategoriako taldea zuzentzen duzu. Non kokatzen da kategoria hori?
Bigarren maila da, baina bigarren maila horretan munduko talderik onena gara, eta horrek lehentasuna ematen digu nahi dugun probetan parte hartzeko.
Egun asko igaroko dituzue etxetik kanpo...
90 lasterketa-egun inguru izaten ditugu urtean, eta egun horiek txirrindulari ezberdinen artean banatzen ditugu. Kudeaketari dagokionez, nirekin batera beste kirol zuzendari bat dago, eta gure artean ere lasterketak banatzen ditugu. Nik neuk 135 egun igaro ditut aurten etxetik kanpo, eta gustuko daukat bidaiatzea, nahiz eta orain lasterketa batzuk luze egiten zaizkidan.
Zer moduz joan da bukatu berri den denboraldia?
Denboraldi polita egin dugu, eta datorren urtera begira nire helburua da Frantziako Tourrean etapa bat irabaztea, eta euskaldun batekin bada, are hobeto.
Zein hizkuntzatan moldatzen zarete taldean?
Lasterketan txirrindulari guztiak euskaldunak baldin badira, euskaraz, baina normalean ingelesez eta gaztelaniaz aritzen gara, hurrenkera horretan.
Zein da emakumezkoen txirrindularitzaren egoera?
Azken urteetan aldaketa handia egon da, eta gaur egun egoera onean dago. Esango nuke kirol gutxitan daudela hain parekatuta emakumeak eta gizonak egoera eta baldintza aldetik. Eta Euskal Herriko ume guztiak animatuko nituzke bizikletan ibiltzera, gaur egun aukera polita dagoelako haien lanpostua txirrindularitzan izateko.
Aurrera begira, zer asmo daukazu?
Duela gutxi berriztu dut kontratua, eta urtebete gehiago jarraituko dut taldean. Gustuko lana dut eta, neskek kasu egiten didaten bitartean, hemen ikusten dut neure burua.
