BOTEPRONTOAN

Mari Carmen Allende: "Neure onetik ateratzen nau desberdinak diren pertsonekin dagoen tolerantzia ezak"

Dorleta Vidal 2025eko abenduaren 10a

Ama galiziarra eta aita leondarra, Ermuan jaio zen duela 58 urte, Zerukoa auzoan. Bera baino lau urte gazteagoa den neba dauka. Hiru seme alaben ama: Bingen, June eta Uxue. Elgoibarko Herri Eskolan egiten du lan, aholkulari lanetan, eta Artarrai Mendi Taldearen buruan egon den emakume bakarra izan da.

Zure haurtzaroan pentsatzean, zer datorkizu burura?

Zerukoa auzoko hirugarren kalean bizi nintzen, eta oso zoriontsua nintzen. Etxearen atzeko aldean basoa zegoen, eta han ibiltzen nintzen jolasten: belaunak beltzunez beteta, kuleroak apurtuta, zauriz beteta... baina pozik! Bospasei urte nituenean, San Pelayora bizitzera joan ginen, eta hango ortuetan ematen nuen eguna.

Eta gaztaroa?

Aldaketa garaia izaten da... Eibarko Unibertsitatean ikasten hasi nintzen, eta bertara joatea abentura zen, mutilekin ibiltzen hasi ginen, lagun berriak, Eibarko jendea, parrandak, gaupasak, Santixauetako txarangak...  Oso gustura ibili nintzen.

Egungo gazteekin alderatuta...

Uste dut oinarria ez dela aldatu, baina gaur egun dena doa arinago, lehen beranduagora arte ginen umeak.

Zer izan nahi zenuen handitan?

Erizaina. Gaur egun ere mundu horrek erakartzen nau, baina ondo aukeratu nuela esango nuke.

Irakasle-ikasketak egin zenituen...

Bai, eta Pedagogia Terapeutikoan ere lizentziaduna naiz. Hogeita hamabost urte daramatzat irakaskuntzari lotuta, eta zeregin ezberdinak izan ditut: tutorea, laguntza irakaslea, aholkularia... LHn, DBHn, eta Berritzegunean aritu naiz, baina lan gehiena, egia esan, hezkuntza premia berezia duten umeekin egin dut.

Zein da zure lanaz gehien gustatzen zaizuna?

Umeekin sortzen den lotura, haiekin batera ikastea... Horrez gain, umeen familiekin eta beste irakasleekin ditugun harremanak ere oso aberasgarriak dira.

Gutxien...

Lan pertsonala da, eta sortzen diren harreman horietan gatazkak eta egoera zailak izaten dira askotan, are gehiago zailtasunak dituzten umeei buruz hitz egiten badugu. Askotan, estutasuna eta mina sortzen da.

Asko aldatu da hezkuntza azken urteotan?

Bai, asko. Geletan sekulako aniztasuna dago (hizkuntzari dagokionez, kulturari, erlijioari, gaitasunei...), eta horri erantzuteko baliabideak eta tresnak ditugun arren, exijentzia maila oso altua da. Dedikazio handia eta etengabeko formakuntza eskatzen du.

Aisialdian...

Bidaiatzea eta mendira joatea gustatzen zait: ibilbideak egin, igoerak, arroilak, eskia...

Noiz hasi zinen mendian ibiltzen?

Oso gazte. Hasieran Kalamua eta Urko inguruan ibiltzen nintzen; eta gero esparrua zabaltzen hasi nintzen...

Bikotekidea mendian ezagutu zenuen?

Ez, kalean ezagutu ginen, baina biok geneukan mendia oso gustuko eta bide luzea egin dugu elkarrekin.

Elkarrekin hasi orduko, Artarrai Mendi taldea martxan zegoen...

Bai, mendian ibiltzen ikasteko hurbildu ginen Artarraira. Garai hartan ez zegoen GPSrik, ez mugikorrik, eta mapekin moldatzen ginen. Piriniotara joatea abentura ikaragarria zen!

Nola suertatu zitzaizun taldeko lehendakaria izateko aukera?

80. hamarkadaren amaieran asko ibiltzen ginen mendian, eta lotura handia geneukan taldearekin. Zuzendaritzako kideak aldatzea tokatu zenean, lehendakari izateko proposamena egin zidaten eta onartu nuen. Urte dezente egon nintzen karguan, gustura.

Badakizu zenbat menditan egon zaren...

Ehundaka menditan, kontinente guztietan, Amerikan izan ezik: Europan Alpeak (Mont Blanc, Monte Rosa, Breithorn...), Afrikan Toubkal eta Kilimanjaro (igo dudan altuena) eta Asian trekkinga egin dut Annapurnan, besteak beste. Amerikan Aconcagua geneukan begiz jota, baina seme-alabak jaio ziren eta ezin izan genuen burutu.

Seme-alabei transmititu diezu mendiarekiko pasioa?

Bai, oso zoriontsuak izan gara mendian eta seme-alabei ere mendian ibiltzen erakutsi diegu. Asko gustatzen zaizkie arroilak eta ferratak. 

Musikazalea zara?

Bai, batez ere kotxean entzuten dut musika, nahiko altu. 

Irakurtzeko ohitura daukazu?

Bai, gauero irakurtzen dut, lo egin baino lehen, infusio bat hartzen dudan bitartean. Hori da nire momentua. 

Telebista?

Pelikulak gustatzen zaizkit, eta zinera joatea. Antzerkia ere zoragarria iruditzen zait.

Jatun ona zara?

Bai, arrainarekin eta amak egiten duen arroza oilaskoarekin gozatzen dut, baina ez zait gustatzen kozinatzea!

Badago zerbait egunero, kale egin gabe, egiten duzuna?

Ez dut barkatzen goizeko kafea: kafea, atxikoria eta malta nahasten ditut eta kafetera italianoan egiten dut, osaba Santosek erakutsi zidan bezala. Azkenaldian kanela apur bat ere ipintzen diot.

Zure akats eta bertute bana?

Etxean, batzuetan, hase rretu egiten naiz tontakeriengatik, eta eztanda egiten dut. Gero segituan baretzen naiz.

Zerk ateratzen zaitu zeure onetik?

Hezkuntzan eta gizartean, orokorrean, desberdinak diren pertsonekin dagoen tolerantzia eza ikusteak.

Eta zerk barrea eragin?

Edozerk, umore onekoa naiz. 

Ondo moldatzen zara teknologia berriekin?

Ez ditut oso gustukoak, baina moldatzen naiz, batez ere lanerako behar ditudalako.

Puntuala zara?

Kostatzen zait, nahiz eta asko hobetu dudan.

Nahiago duzu entzun edo hitz egin?

Hitz egitea gustatzen zait, baina badakit entzuten.

Zer erakutsi dizu bizitzak?

Momentukoa bizitzen, zoriontsua izaten. 

Zer eskatzen diozu lagun on bati?

Ondoan egotea, momentu onetan eta txarretan. 

Bizitzako egunik zoriontsuena?

Seme-alabak jaio zirenean. Oso esperientzia primitiboa da, emozioz betetakoa.

Zein albiste irakurri nahiko zenuke?

Indarkeria matxista bukatu dela, min eta amorru handia ematen dit. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.