GURETIK MUNDURA

June Argüello, Mexiko: “Bueltatzean, mundua ezagutzera joateko gogoa sentituko dudanaren beldur pixka bat dut”

Nahia Ruiz Albizuri 2025eko abenduaren 8a

Uztailaren 29an heldu zen Pueblara (Mexiko) June Argüello ermuarra, eta bertan egongo da urtarrilera arte. Haur Hezkuntzako ikasketen zati bat burutzen ari da bertan, eta Mexiko eta bertako bizimodua sortzen zioten jakin-min berezia asetzeko aukera ezin hobeaz gozatzen ari da.

Zergatik erabaki zenuen joatea?

Hasieratik oso argi neukan halako esperientzia bat bizi nahi nuela. Aukera paregabea eta oso aberasgarria iruditzen zitzaidan beste herrialde batean eta beste kontinente batean ikastea. Uste nuen horrek gauzak beste ikuspegi batetik ikusten lagunduko zidala, ilusioa eta gogoa emango zizkidala ikasten jarraitzeko, esperientzia berriak bizitzeko eta pertsonalki hazten jarraitzeko. Gainera, hasieratik nuen Latinoamerikara joateko nahia, eta Mexiko eta bertako bizimodua ezagutzeko jakin-min berezia sentitzen nuen.

Sei hilabete emango dituzu etxetik kanpo…

Bai, denbora tarte egokia iruditzen zitzaidan, nahiz eta orain, hemen egonda, gehiago geratzeko gogoa dudan, baina ez ziguten urte osorako aukerarik ematen.

Zer egiten duzu han?

Batez ere ikasi egiten dut. Gure ikasketei ez diete “Haur Hezkuntza” deitzen, baizik eta “Prozesu Hezitzaileak”. Oso antzekoa da, baina gai gehiago jorratzen dituzte; ez dira soilik irakasle izateko prestatzen, baizik eta hezkuntzarekin lotutako beste arlo batzuetarako ere bai, orokorragoa baita hezkuntzaren ikuspegitik. Gero Mondragon Unibertsitatera bueltatzean, ekarpen berriak egiteko ere balioko dit. Jakina, hemen egotea ez da soilik ikastea: aprobetxatzen dugu bidaiatzeko, herrialdea eta kultura ezagutzeko, eta bertako bizimodua esperimentatzeko. Ikasle moduan etortzea aukera paregabea da denbora ondo aprobetxatzeko.

Zer egiten duzu eskola ez daukazun egunetan?

Egia esan, egun libre gutxi ditugu, beti topatzen dugulako zerbait egiteko. Batzuetan egun-pasa egiten dugu hemendik gertu, eta besteetan bidaia luzeagoak: kostaldera joan gara, herri txikiago eta bereziak ezagutu ditugu, baita hiri handiagoak ere, hala nola Oaxaca edo Mexiko Hiria.

Eta hizkuntzari dagokionez?

Hemen gaztelaniaz egiten dute, Latinoamerikako azentuarekin. Pueblan ez dira hizkuntza natiboak entzuten egunerokoan, nahiz eta Mexikoko beste toki batzuetan bai. Gustatzen zait bertako hitzei eta esamoldeei erreparatzea, oso bitxiak eta interesgarriak iruditzen zaizkit, eta klaseetan askotan alderatzen ditugu haien eta gure esamoldeak. Oso ohikoak dira, adibidez, “wey”, “no mames”, “chido” edo “peda”.

Zerbait oso desberdina dela esango zenuke?

Bai, batez ere ikasteko modua eta unibertsitatearen antolaketa. Orokorrean, ikasleek oso serio hartzen dituzte ikasketak. Gainera, ohikoa da ikasleek baldintza pertsonal ezberdinak izatea: klaseetara seme-alabak ekartzea, edo ikasleek gelan bertan zerbait saltzea, adibidez.

Eta janaria? Zein da bertakoa?

Janaria benetan berezia eta askotarikoa da. Hasieran arraroa egin zitzaidan, baina azkar ohitu nintzen. Bitxikeria moduan, edari alkoholdunei tajína (txile piper hautsa) jartzen diete normalean edalontziaren inguruan, eta, noski, tekila ez da inoiz falta!

Faltan botatzen duzu Ermua?

Egia esan, espero nuena baino gutxiago. Uste dut badakidalako noiz bueltatuko naizen eta denbora azkar pasatzen ari delako. Hala ere, badaude gauza batzuk faltan botatzen ditudanak: herriko poteo giroa, kuadrillen arteko planak edo nahi dudanean kalean lasai ibiltzeko askatasuna. Hemen kontu handiagoarekin ibili behar dugu, ez gara normalean bakarrik ibiltzen eta gauez are gutxiago. San Martin azoka asko faltan botako dudan eguna izango da! Eta noski, nire kuadrilla eta familia ere bai, nahiz eta badakiten laster bueltatuko naizela. Egia esan, bueltatzean berriro mundua ezagutzera joateko gogoa sentituko dudanaren beldur pixka bat ere badut.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.