Gorako bidean doa Ermua

Ander Gomez 2025eko azaroaren 13a

Azken jardunaldiko hamaikakoa, Lekeitioren kontrako partida hasi aurretik. Argazkia: Leartigol.

Sailkapeneko bigarren postura ailegatu da Ermua CD, gainetik zegoen Lekeitioko A taldearen kontra 1-4 markagailuan irabazita. Asteburu honetan jokatuko dute hurrengo partida, oraingoan etxean, laugarren postuan dagoen Lemoharrobiren kontra.

2025-2026 denboraldiko zortzi jardunaldiak jokatuta, partida bakarra galdu du Ermua CDk, lehenengo postutik mugi ezinik dagoen Umore Ona taldearen kontra. Gainontzean, partida guztiak irabazi dituzte ermuarrek. Azaroko lehen asteburuan, 5-1 gailendu ziren Arrigorriagako Montefuerteren kontra; eta are meritu gehiago izan dute azken jardunaldian, antzerako emaitza lortu baitute etxez kanpo jokatuta.

Azaroaren 7an, Lekeitioko Kepa Narberan Kaltzakorta futbol zelaian zuten hitzordua Ermua CDko jokalariek, A taldearen kontra. Partida hasi eta berehala, korner bateko sakea gol bihurtu zuen Igor Perezek (6'). Segidan, areaz kanpoko jaurtiketarekin bigarren gola lortu zuen Abdoulaye Niangek (10'). Lehen zatian zehar, aukera dezente izan zituzten, zutoinean eta langan jotako jaurtiketa ugarirekin. Aldi berean, Julen Lopez atezainak lan ederra egin zuen Ermuko atean, geldiketa bikainekin. Azkenean, falta bidez ailegatu zen hirugarrena, Lander Izaguirrek egina (27'). Atsedenaren ostean, lehen zatian baino azkarrago egin zuten ermuarren azken gola izango zena, kasu honetan penaltiz, Unax Mendigurenek jaurtita (47'). Bigarren zatian lehia berdindu zen, eta ermuarrak defentsan zentratu ziren, 3-0 markagailua mantendu eta garaipena ziurtatzeko asmoz. Ermura atea hutsean utzita bueltatuko zirela zirudienean, luzapeneko azken minutuetako kontraeraso batean gola egitea lortu zuten lekeitiarrek (90'+2'). Horrela, 1-4 markagailuan bukatu zuten partida, eta, irabazitako hiru puntuekin, sailkapeneko bigarren postura igotzea lortu zuten ermuarrek, lekeitiarrak hirugarrenera jaitsiz.

Asteburu honetan etxean

Hurrengo hitzordua zapatu honetan izango du Ermua CDk, 18:30ean, Teodoro Zuazuan. Sailkapeneko goiko postuetan dagoen beste talde bat izango du aurkari, oraingoz partidarik galdu ez duen (5 garaipen, 3 berdinketa) Lemoaharrobi taldea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.