Azaroaren 14ko iluntzean, Ermuko bizilagunek kaleak hartu zituzten, Donald Trumpen planarekin abiatutako su-etena betetzen ari ez dela eta plana "herri palestinarra 'su motelean' erailtzeko fase berri bat besterik ez dela" salatzeko mobilizazioan. 350 pertsonak egin zuten bat mobilizazioarekin, eta gobernuei eta enpresariei Israelekin dituzten harreman eta negozio guztiak eteteko eta zigorrak ezartzeko eskatu zieten.
Bukaeran egindako ekitaldian, Ermua Palestinarekin Ekimenak gogorarazi zuen ustezko su-etena indarrean sartu zenetik, Israelek etengabe egin dituela erasoak palestinar herriaren aurka, eta Gazako biztanleak gosez hiltzen jarraitzen dutela Israelen blokeoaren ondorioz. Genozidioa gelditzea posible dela azpimarratu zuten eta hori lortzeko "gizartearen mobilizazioari eustea" funtsezkoa dela diote, "dagoeneko erakutsi baitugu gai garela gobernuak presionatzeko eta mugiarazteko".