Gaur egingo da A25aren bueltan antolatutako egitarauaren lehen ekintza: Hausnarketarako Krispeten lehen saioa. 18:00etan, "Memorias de un cuerpo que arde" filmaren proiekzioa egingo da. Gaur ere, Udal Liburutegiak eta Emakumeen Topalekuak "indarkeria matxistaren aurkako materialen gida" banatzen hasi dira. Ikus-entzunezkoak, diskoak, artikuluak eta liburuen gomendio sorta bat da, eta liburutegian zein topalekuan jaso daitezke.
Hilaren 25ean ospatzen da nazioarteko eguna ofizialki, eta 12:00etan, Ermuko Udalak deitutako herritarren kontzentrazioa deitu dute plazan. Horrekin batera, Dairi Brown dantzariaren emanaldia egongo da bertan. Bestalde, Ermuko Mugimendu Feministak mobilizazioa antolatu du arratsalderako. "Biolentzia instituzionalari, autodefentsa feminista!" lemapean, 19:00etan elkartuko dira plazan.
Hilaren 27an, osteguna, "Ermua Beldur Barik" jaialdia ospatuko da Lobianon, 17:00etatik aurrera, eta Eromena DJak girotuko du ekitaldia. 18:00etan, Hausnarketarako Krispeten bigarren eta azken saioa egingo da, "Soy Nevenka" filma aztertuz.
Emakumeen Sustapenerako Zentroaren historia iruditan jasotzen duen "Cuando espabilamos" erakusketa azaro hasieratik dago ikusgai Emakumeen Topalekuan, eta abendu bukaerara arte egongo da. Baina hilaren 28an, barikua, bisita gidatua egongo da egileekin, 18:00etatik aurrera.
Hilaren 30ean, igandean, Guatemalako Las Poderosas taldearen emanaldia Lobianon, 12:30etan. Sarrera doakoa da, baina plazak mugatuak dira eta tiketak Emakumeen Topalekuan jaso ahalko dira edukiera bete arte.