"Sukramarkus" kontzertua eskainiko du Mursegok, Markos Gimenoren omenez

Drogetenitturri 2025eko azaroaren 25a

Maite Arroitajauregi "Mursego" taula gainean. Argazkia: Dena Flows.

Azaroaren 29an, zapatuan, Markos Gimeno ermuarraren obrari lotutako omenaldi-kontzertua eskainiko du Maite Arroitajauregik, Euskal Birusaren eskutik.

Iazko irailean, Markos Gimenoren palindromoak jasotzen zituen "Karteletrak" erakusketa egin zen Ermuan. Joseba Sarrionandia idazlea ere bertan izan zen, "Markos Gimenoren 101 letrakartel" liburua aurkezten.

Horri lotuta, Maite Arroitajauregi Mursegoren emanaldi berezia eskaini behar zuen Euskal Birusa Elkarteak, baina azkenean atzeratu egin zen. Urtebete beranduago hitzordua lotu ahal izan dute eta zapatu honetan eskainiko da, 18:30ean hasita, Lobiano Kulturgunean. "Sukramarkus" izeneko emanaldian, musikari eibartarra Markos Gimenoren obran murgilduko da eta bere hitz-joko korapilatsuei doinua ipiniko die. Sarrera doakoa izango da, aforoa bete arte.