Atzo ospatzen zen Emakumeenganako Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna, eta Ermuko Mugimendu Feministak deituriko manifestazioa egin zen iluntzean, plazatik hasita. Kioskotik manifestua irakurri zuten, instituzioek "zuzenean zein zeharka, ekintzaren bidez edo ez-egitearen bidez, emakumeenganako indarkeria matxista sustatzen dutela" salatuz eta "jarraipen bat izango duten doako zerbitzuak bermatzea" eskatuz. Bukatzean, plazatik Emakumeen Topalekurako bidea egitea proposatu zuten, eta hantxe zintzilikatu zituzten aldarri denak jasotzen zituzten kartelak.
