Zergatik joan zinen?
Nire neska Alemaniakoa da, baina Euskal Herrian ezagutu ginen aurreko urtean. Horren ostean ni Kanadara joan nintzen 9 hilabetez, baina abentura ez zen joan nik espero nuen bezala. Neska-lagunak Berlinera etorri beharra zuen ikasketak amaitzera, eta niri Berlin betidanik gustatu zait: “Bada, tira! –pentsatu nuen–, zortea probatzera joango naiz bertara”.
Orain dela zenbat heldu zinen Berlinera?
Ia bi hilabete daramatzat hemen jada.
Zer egiten duzu han?
Orain arte lan bila ibili naiz, Alemaniako burokraziarekin “borrokatzen” tramite batzuk ateratzeko, eta hiriaz gozatzen: kultur agenda itzela dauka! Aste honetan bertan, agian lanean hasiko naiz produktu espainolak saltzen dituen gourmet denda batean.
Bertako hizkuntza menderatzen duzu? Ikasten saiatu zara?
Kar-kar-kar, ez, ez, oso zaila da. Berlinen ingelesarekin ondo moldatu zaitezke baino zer edo zer ikastea gustatuko litzaidake, errespetuagatik azken finean. Duolingo plataformari esker zerbait ikasi dut: zenbakiak eta zenbait hitz, esaterako, baina ez da nahikoa. Hilabete honetan, etorri berrientzako hizkuntza ikastaro batean hasiko naiz.
Zer egiten duzu aisialdian?
Gustatzen zait kontzertu edo ekitaldi ezberdinak ikustea, edota rokodromora joatea hemengo lagunekin. Asteburuan zehar, Turkiako, Arabiako edota bigarren eskuko merkatu asko daude hiriguneko leku desberdinetan, eta asko gustatzen zait bertan erosketak egitea.
Badago bertan zerbait oso desberdina dena?
Bai, noski! Hiri alternatiboa izaten jarraitzen du, nahiz eta azken urteotan gentrifikazio basatia gertatzen ari den, eta estilo eta hiri-tribu asko daude. Jendeak ez ditu aurreiritziak ezta nagusitasun begiradak estilo desberdinen aurrean. Adibidez, garraio publikoan (tren edota autobusaren barruan), jendea alkohola edaten joan daiteke, antzerki performanceak egin, ilea moztu, kozinatu, edota jaiak ospatu, kar-kar, eta garrantzitsuena: ez dago horren aurkako kexarik! Desberdina den beste gauza bat da saunak mixtoak direla, eta jendea guztiz biluzik doala. Kontu horrek harritu ninduen!
Zein da bertako janari tipikoa?
Neska-lagunari galdetu diot, eta pentsakor geratu da hainbat minutu, kar-kar-kar. Wurst (saltxitxa), schnitzel (txahal xerra ogi arrailetan pasatuta), edota rinderroulade dira janari tradizionalak. Azken hau igandetan jaten da normalean, eta aza gorriarekin lagundu ohi da; eskualdearen arabera, patata gazituak, patata-purea edo klöque-a ere gehitzen diote.
Faltan botatzen duzu Ermua?
Bai, familia, lagunak eta, batez ere, mendira edota harrira joatea eskalatzera. Janaria baita ere. Atzerrian zaudenean eta gauza horiek ondoan ez dituzunean konturatzen zara zelako leku pribilegiatuan bizi garen.
Itzultzeko gogorik?
Jakina, nire etxea da. 30 urte beteko ditut aurten eta, munduan zehar bizi ondoren, uste dut etxera bueltatzeko unea gertu dudala, baino Berlinen gustura nago, beraz, ikusiko dugu…
