Vertigo Rock jaialdiaren XIX. edizioak badu data

Ander Gomez 2025eko abenduaren 8a

Orbe Kardinala plaza jendez beteta, 2024ko jaialdian. Argazkia: Aitor Cid.

Urte erdi falta da Vertigo Rock jaialdirako, baina dagoeneko prestaketa lanetan ari dira antolatzaileak. Aurrekoetan bezala, goi-mailako artistak eta tokiko talde txikiak batuko dituen kartela lotzen dihardute, baina, momentuz, data bakarrik iragarri dute: maiatzaren 9a.

Aski jakina da rockero pila dagoela Ermuan, baina maiatzaren bigarren asteburuan bertako zein inguruko ehundaka zalez beteko dira kaleak. Bi urte atzera bueltatu zen Vertigo Rock Betiondoko aparkalekutik herrigunera, eta antolatzaileek agindu dute azken edizioetako formatuaren aldeko apustua mantenduko dutela. Haien ustez, hortxe baitago Vertigo Rocken esentzia: plaza eta kaleetan musutruk disfrutatu daitezkeen kontzertuetan. Horrela, Ermuko txoko desberdinetan egingo diren kontzertuez gain (aurrekoetan Komentukuan eta Euskaldun Berria plazan, esaterako), ohiko oholtza nagusiak egongo dira: Orbe Kardinala plazako "Main Stage"-a, eta Martxoaren 8a plazako "Xabi Ciarsolo" eszenatokia, urteetan Vertigo Rock-eko argazkilari izandako eta 2022an zendutako ermuarraren omenez.


Xabi Ciarsolaren lagunen talde-argazkia iaz, jaialdia bukatu ostean. Argazkia: V.R.

Aipatu bezala, aire zabaleko kontzertuak izango dira guztiak eta ez da sarrerarik egongo. Doako jaialdi bat antolatzeak dakartzan zailtasunen gainetik, Euskal Herriko, estatuko eta mundu mailako artistak ekartzeko ahaleginetan dihardute. Aldi berean, ez dira faltako Ermuko taldeak, hasiberriak zein esperientziadunak, kartel anitz bezain orekatua osatzeko.

Segidan, aurreko bi edizioetako aftermovie-ak:

Antolakuntzatik gogoratu dute taldea irekita dagoela, eta inor bileretan parte hartzeko edo bestelako lanetan laguntzeko prest badago, eurekin kontaktuan jar daitekeela vertigorockinfo@gmail.com helbidera idatzita edo @vertigorockfest instagram kontura mezu pribatu bat bidalita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.