2026ko Udal Aurrekontuen zirriborroa aurkeztu du gobernu taldeak

Ander Gomez 2025eko abenduaren 5a

PSE-EEk eta EAJk datorren urterako Udal Aurrekontuen proposamena aurkeztu dute. 27,1 milioi euro bideratu nahi dituzte, 2025eko kopurua (25,79 milioi euro) baino %5,11 gehiago.

Beatriz Gamiz alkateak 2026rako aurrekontuen zirriborroa aurkeztu zuen atzo, pleno aretoan, José Manuel López, Arritokieta Araiztegi eta Mikel Cantero alkateordeekin batera egindako agerraldian.

Aurrekontua hurrengo puntuetara bideratzea proposatzen dute: 9,7 milioi euro udal langileen soldatetara; 9,3 milioi euro zerbitzuetara, mantentze- eta hobekuntza-lanetara, eta tokiko enpresa txikien laguntzara; 3,4 milioi euro gizarte-babesera (gizarte zerbitzuak, mendekotasun-arreta, berdintasuna, haurtzaroa, immigrazioa, enplegua eta etxebizitza); eta 2,09 milioi euro inbertsio publikora (%76 gehiago aurtengoekin alderatuta), Bide Berdea, Merkatu Plazaren birgaitzea eta argitera publikoaren hobekuntza finantzatzeko. Eusko Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin batera ere proiektu desberdinak egingo dira, hala nola: espazio komunitarioen birgaitzea, digitalizazioa, kirol eta gizarte ekipamenduak eta energia efizientziaren hobekuntza.

Horrez gain, "Ermuak erabakitzen du" partaidetza prozesuan herritarren esku utzitako aurrekontuaren %1a —250.000 euroan estimatu zena— erabiliko da gazteentzako chill-out guneak sortzeko, abuztuko aire zabaleko zinema urte osora zabaltzeko, bideojoko eta robotika tailerrak antolatzeko, Valerio terraza berritzeko, eta Errekaldeko igerileku naturala berreskuratzeko (albistea hemen).

Herritarrek erabaki dute nora bideratu 2026ko Udal Aurrekontuko 250.000 euroak

Aurrekontu hau udal-gobernu taldeak bultzatzen dituen proiektu estrategikoekin bat egiten duela azaldu zuen alkateak, "Ermua berdinzale eta inklusiboa lortzeko bidean; jasangarria, digitala eta modernoa izango dena; bere industria-identitatea eta ehun produktiboa zainduko dituena; eta pertsonak erdigunean jartzen dituena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.