Herritarrek erabaki dute nora bideratu 2026ko Udal Aurrekontuko 250.000 euroak

Ander Gomez 2025ko uzt. 3a, 13:13

Martxoan hasitako partaidetza-prozesuan, 2026ko aurrekontuko kopuruaren %1a herritarren esku utzi zuen Ermuko Udalak. Adin-tarteka banatuta, proposamen desberdinak aurkeztu eta bozkatu dituzte herritarrek, eta emaitzak publikatu dira jada. Grafikoak: Udala.

Otsailean aurkeztu zuen udalak 2026ko aurrekontuen partaidetza-prozesua. Martxoan zehar, herritarrek euren proposamenak aurkezteko aukera izan zuten eta, apirilean, berauen bideragarritasuna (ekonomikoa, juridikoa, teknikoa...) aztertzeko tartea hartu zuen udalak. Maiatzean proposamenen zerrenda ofiziala aurkeztu eta botoa emateko aukera zabaldu zen. Gaur, 2026ko Udal Aurrekontuen ekitaldian sartuko diren proposamenak aurkeztu ditu udalak:

6-13 urte

Prozesuko adin-tarte gazteena 6-13 urte bitarteko herritarrena izan da. Udalak 30.000 euro utzi zituen euren esku eta, proposamenak egiterakoan, kulturaren alde egin zuten batik bat: antzerki eta dantza taldeak, txangoak, ikastaroak... Guztietatik bi proposamenek lortu dute babesik handiena: Aire zabaleko zinemaren eskaintza udako hilabete guztietara zabaltzea (10.000 euroko aurrekontua), eta bideojoko eta robotika tailerren antolaketa (3.000 euroko aurrekontua).

988 umek bozkatu dute eta, prozesu osoko parte-hartzerik altuena izateaz gain, genero aldetik berdinduena ere izan da:

14-29 urte

Gazteen adin-tartean egon dira proposamen berritzaileenak, hala nola: Gabonetarako izotz-pista, bigarren eskuko artikuluen azoka, karting zirkuitua edota pump-track-a eraikitzea... 50.000 euro zituzten erabilgarri eta, guztia, bozkatuena izan den proposamen bakarrera bideratuko da: Gazteak elkartu ahal izateko gune publikoak egokitzeko proiektura. Aurreikusita dauden instalazioen artean daude chill-out guneak, parrillak eta espazio estaliak.

298 gaztek eman dute botoa eta horrela izan da genero banaketa:

30-64 urte

Helduek 15 aukera zeuzkaten bozkatzeko: osasun mentalaren edo disziplina artistikoen inguruko tailerrak; ping-pong mahaiak, rokodromoa edota saskibaloi-futbol instalazioak ipintzea; kiroldegiko spinning gela, Gizarte Zentroa, Errekaldeko gunea edo Gure Etxea eraikina egokitzea... Guztietatik babes gehien jaso duen proposamena Errekaldeko igerileku naturala berreskuratzea izan da. Zeuzkaten 85.000 euroak bideratuko dira proiektu honetara eta, igerilekuaz gain, aisialdirako eta jolaserako guneak, baratzeak eta berdeguneen egokitzea barne hartuko dituela azaldu du udalak.

100 pertsonek eman dute botoa eta horrela banatu da genero aldetik:

65 urtetik gorakoak

Nagusiek bi aukeren artean bozkatu ahal zuten: udalerriko gune desberdinetan ping-pong mahaiak ipintzea edo Valerioren terrazarako erabilera berriak zehaztea eta proiektua idaztea. Adin-tarte honetakoek 85.000 euro zituzten eskura eta guztia terrazaren proiektura bideratuko da.

20 pertsonek parte hartu dute bozketan eta horrela banatu da genero aldetik:


Bozkatu zitezkeen proposamen guztiak ikusteko, egin klik azpiko erlazionatutako albisteetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.