Ermuko Udaleko Kirol Sailetik azaldu dutenez, “aitortza" izateaz gain, "kirolean egiten den lan guztia ikusarazteko ekitaldia" izango da Ermuko I. Kirol Gala. Klubek euren jokalarien hautagaitzak aurkezteko aukera izan zuten azaroaren 10era arte. Ondoren, bozketa egin zen elkarteen artean. Lorpenak, konpromisoa eta talde-lana izan dira aintzat hartu dituzten balio nagusiak. Zazpi kirolari eta hiru talde hautatu dituzte, eta biharko ekitaldian emango zaizkie sariak.
Ermua Sariak urteko kirolariak omenduko ditu eta bi saritu egongo dira: Anne Erauskin Martínez, nazioarteko eskubaloi ibilbideagatik, eta Miguel Ledesma Blanco, triatloian egindako lan nabarmenagatik. Argia Saria promesei zuzenduta egongo da, eta aurtengoa Hodei Rivas García gimnastari emango zaio. Beteranoei dagokienez, Santiago Fuertes Ferreras lasterkariak jasoko du Izarra Saria. Alberto Lasuen Arriagak Zuzen Saria jasoko du, txirrindularitzaren munduan sustatu dituen balioak aitortzeko. Talde onenaren errekonozimendua, Talde Saria izenekoa, Lauko Ermuko Errotabarri seniorrak jasoko du. Urko Sariak ibilbide osoaren errekonozimendua eskainiko du, eta, honetan ere, bi saritu egingo dira: Francisca Suinaga Arrazola eta Alfonso Vicente Andrés. Bukatzeko, Gorabidek Aukera Saria jasoko du inklusioaren alde egindako lanagatik, eta aipamen berezia egingo diote aurten 50 urte bete dituen Artarrai Mendi Taldeari.