Eskilarapeko Ateneoaren 20. urteurrena ospatzeko festa, asteburuan

Ander Gomez 2025eko abenduaren 10a

2005. urtean sortutako Eskilarapeko Ateneoak hogei urte bete ditu aurten, eta Ermuko mugimendu sozialaren parte diren talde eta norbanakoek ospakizun berezia prestatu dute abenduaren 13rako. Barruan egitarau osoa.

Zapatuan, 12:00etan ekingo diote egitarauari Eskilarapeko Ateneoan bertan, "marianitada" batekin. Brindisa egingo dute eta erakusketa berezi bat egongo da, espazioaren parte izan direnek lagatako argazkiekin. Hasiera-ekitaldia borobiltzeko, argazki jendetsua aterako dute. 13:30ean Kokein rock talde eibartarrak kontzertu akustikoa eskainiko du eta 15:00etan plazara pasako da festa.

Herri bazkaria egingo dute bertan eta, ondoren, zuzeneko podkasta egin eta rantxerak kantatuko dituzte. 18:00etan "salsa-batxata queer" dantza-fusio tailerra egongo da, Sebas Garciaren eskutik: eta 19:30ean, "13/12" karro-poteoa egingo dute Gazte Asanbladako kideek.

Kalez kale ibili ostean, Eskilarapeko Ateneora bueltatuko dira, eta, eguna mugitua izango bada, gaua ez da gutxiago izango: Hija del Nopalek, eta Alter Mk Dj Gaua eskainiko dute, 22:30etik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.