Atzo, abenduaren 10ean, Kirol Sariak ospatu ziren Ermua Antzokian, eta zazpi kirolari, hiru talde eta elkarte bat saritu zituzten, kirolaren munduan egindako lanagatik. Beatriz Gamiz alkatearen eta Miguel Ledesma, Julen Rodriguez, Francisco Javier Sánchez, Arritokieta Araiztegi eta Julen Dominguez zinegotzien eskutik jaso zituzten garaikurrak.
Estatu mailako txapeldun den Hodei Rivas Garcia gimnasta omendu zuten lehena, Argia Saria emanez. "Pozik, hunkituta eta apur bat urduri" jaso zuen, eta, 13 urteko gaztea bada ere, kirol feminizatu batean aritzean bizitako esperientzietatik ateratako aholkua bota zien bera baino gazteago direnei: "amets bat izanez gero, jarraitu behar duzue; kritika guztien gainetik, aurrera begiratu beti".

Promesaren ostean, beteranoaren txanda heldu zen. Esperientza handigoa izan arren, urduritasun berarekin jaso omen zuen Santiago Fuertes Ferreras lasterkariak Izarra Saria, "maratoiak hastean baino urduriago", zioen barrez. "Iraganeko Santiagoz harro" zegoela azaldu zuen, "lesioak tarteko, asko entrenatu baitzuen"; baina baita Ermuaz ere, herritarrengandik jasotako babesagatik.

Meritu pertsonalak dituzten kirolariez gain, badaude elkarteen sorkuntzan edota kirolen zabalpenean lagundu duten beteranoak. Zehazki txirrindularitza munduari egindako ekarpenagatik eta sustatutako balioengatik, Alberto Lasuen Arriagari eman zioten Zuzen Saria. Ainhoa Lasuen alabak jaso zuen bere partez, eta "aitak beti errepikatzen dituen bi mezuak" partekatu zituen: gazteei, "ikasketak ez ahaztu"; eta berarekin aritu direnei, "eskerrik asko, lasterkaririk gabe ez dagoelako kluberik".

Jokalaririk gabe, orain dela hogei urte sortutako eta gaur egun elite mailan dagoen Errotabarri eskubaloi taldea ere ez zen ezer izango. Horregatik, Taldea Saria jaso zuten "banda" bezala auto-izendatu ziren Lauko Ermuko Errotabarriko neskek.

Ondoren, Errotabarriren eta Ermuko egungo klub gehienen sorrera ikusi duten bikote batek jaso zuen Urko Saria: Francisca Suinaga Arrazolak eta Alfonso Vicente Andresek. 89 eta 82 urterekin, garbi utzi zuten adina ez dela kirola egiteko oztopo; kontrara, osasuna zaintzeaz gain, "oso gustura" aritzen direla igeriketan, oinezean eta kiroldegiak eskaintzen dituen ekintza denetan.

Gizartean orain dela gutxira arte adinekoak kirol mundutik baztertuta egon diren bezala, gaitasun desberdinak dituzten pertsonak ere egoera antzerakoa bizi izan dute. Gorabide elkartea inklusio eta aniztasun horren alde aritu da lanean, behar bereziak dituzten neska-mutil edota gizon-emakumeei gimnasia eta dantza bezalako jarduerak eskainiz. "Mundu guztiak kirolaz disfrutatzeko eskubidea duelako" jaso zuten Aukera Saria.

Dantzaz mintzatu ziren Gorabidekoak, baina Taupada Dantza Eskolakoek taula gainera eraman zuten. Ekitaldian zehar bi erakustaldi eskaini zituzten eta, eskertzeko, aurreikusita ez zegoen sari sorpresa eman zieten, garaikur eta guzti. Sari barik ere "pozik" zeudela zioten, "dantza egitea eta eszenatoki batera igotzea da gehien gustatzen zaiguna".

Hurrengo taldea ere eszenatokira igo zen saria jasotzera, baina taula baino, gailurrak nahiago. Artarrai Mendi Taldeak aipamen berezia jaso zuen aurten bete dituen 50 urteak omentzeko. Lagun talde txikia igo zen arren, "hemen gainean kabitu ezin diren 553 bazkideen izenean" jasotzen zutela saria azaldu zuten barre artean, "baita sortzaileenean eta urte guzti hauetan irteeretan parte hartu duten herritarrenean ere".

Bukatzeko, bi sari nagusiak banatu ziren, Ermua Sariak. Emakumezkoen kategorian, liga, kopa, superkopa... irabazi dituen Anne Erauskin Martinez eskubaloi jokalariak jaso zuen. Atzoko omenaldian herritarren berotasuna sentitu bazuen ere, eskerrak eman zituen etxetik urrun dagoenetan ere berotasun hori presente duelako beti. Familiari ere eskerrak eman zizkion "Europa erdia nigatik zeharkatzearren", eta aitonari dedikatu zion saria: "txapeldun ikusi ninduen, eta jada hemen ez dagoen arren, ziur nago oraindik ere ikusten nauela".

Gizonezkoen kasuan, Europako eta munduko txapeldun Mikel Ledesma Blanco triatletak jaso zuen Ermua Saria. Kirolaren balio garrantzitsuenaz galdetuta, Ledesmak garbi erantzun zuen zein den berea: "diziplina", baina garrantzi hori "kirolaz haratago" doala esan zuen, "oso inportantea da hazi ahala, bizitzan, orokorrean".

Behin sariak banatuta, talde argazkia atera zuten saritu guztiek, eta konfeti, txinparta eta bertaratutakoen txalo zaparrada artean bukatu zuten Kirol Galaren lehen edizioa.
