Hilondoko aitortza egin diote Mariarrori

Ander Gomez 2025eko abenduaren 17a

"Mariarro, feminismoan bidaide eta zubigile" liburuko argazkia.

Kultura Irekiak antolatutako Victor Urrutia errekonozimenduetan Maria Rosario Arrizabalaga "Mariarro" ermuarra omendu dute, zendu eta lau urtera, izandako konpromiso sozialagatik eta feminismoaren alde egindako borrokagatik.

Atzo, abenduaren 16an, Victor Urrutia Aitorpenen III. edizioa ospatu zen Bilbon. Aurten, "Aintzindariak: Memoria demokratikoa, emakumeak eta feminismoa" lemapean, diktadura garaitik gizarte-ekintzaile izan diren hogei emakume omendu zituzten, eta aitortza horietako bat Maria Rosario Arrizabalaga Urreta ermuarrarentzat (1949-2021) izan zen.


Mariarroren omenaldia Bilboko EHUko Bizkaia Aretoan eta lorearen oroigarria. Argazkiak: E.E.A.

Ermuko Emakumeen Asanbladak jaso zuen oroigarria bere izenean, eta eskerrak eman zizkioten Kultura Irekiari, "borrokakide feministari merezitako errekonozimendua emateagatik" eta "bere oroimena bizirik mantentzen laguntzeagatik".

Liburuarekin omendu zuten iaz

Emakumeen Asanbladak bultzatuta, Mariarroren ibilbide politikoa eta bizitza bera jasotzen duen liburua argitaratu zen 2024an: "Mariarro, feminismoan bidaide eta zubigile. Memoria kolektiboa ehuntzen". Idoia Eizmendi eta Aitziber Aginagaldek idatzi zuten, Danele Sarriugartek itzuli zuen euskarara, eta portadaren artea Sonia García Fuentes ilustratzailearen obra da.

Hasiera batean, 150 ale fisiko banatu ziren elkarte, liburutegi eta lagunen artean. Gerora, bertsio digitala jarri zuten sarean, "herritar guztiek Mariarroren istorioa eta borroka ezagutu dezaten". Segidan, osorik irakurgai:

Liburua PDF formatuan deskargatzeko, egin klik hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.