Dagoeneko maiatza. Konturatu gabe, egunerokoan buru-belarri, urtea dagoeneko bere bosgarren hilabetera iritsi da. Askok seguruena udako plana ia eginda eta, etxeko gazteak eta txikiak ikasturtearen azken txanpan murgilduta, udako oporretan pentsatzen. Egunak joan eta egunak etorri, gehienetan abiadura biziegian gabiltza, askotan esku artean darabilgunari arreta nahikoa jarri gabe eta inguruak eskaintzen digun ederraz konturatu gabe.
Sarritan nola aurreratzen garen, horretara nola behartzen gaituzten, nola uzten garen eta erritmo horrek nola harrapatzen, estutzen eta gaixotzen gaituen. Zenbat eta azkarren eta esfortzurik gabe bada, hobea omen. Produzitu eta kontsumitu ere, gehienetan, automatikoan eta askok gogobete egoteko baloreak eta euskarriak non ahaztu zaizkigun edo non utzi ditugun jakin gabe.
Horrelakoetan murgiltzen hasita nagoela sentitzen dudanean, martxa gutxitzeak, arnasa sakon hartzeak eta ibiltzeak laguntzen naute ni. Naturari bere osotasunean erreparatu eta antzina bera ginela ospatzen genuenetara salto egiteak patxadara eta bizitzaren xedera berriro batzen laguntzen naute.
Orain urte batzuk Josu Naberanen Antzinako Euskaldunen Ilargi-Egutegia liburua irakurri nuen. Gure urteko 12 hilabete lineal eta kalkulatuetatik oso urruti, antzinako euskaldunak eta inguruko herriak naturak zikloka eskaintzen dizkigun sasoietara batzen ziren. Gutxirekin eta orduko zailtasunei aurre egiteko ahalmenak garatuz, udaberriko ilargi berriarekin hasi eta, ilargialdiekin batera, sasoi bakoitzak eskaintzen zietenarekin egiten zioten aurre egunerokoari. Erlijioak bere santuen izenekin bereganatu zituen ospakizunak dira eta asko horri esker iritsi zaizkigu.
Udaberriaren bihotzean, naturaren pizteak ezinbestean denoi esnatzen dizkigu beste behin barrenak. Erlijioak eta herri ezberdinetako jaiek ere maiatzean, besteak beste, Asentzio eta San Isidro egunak ospatu eta mirari eder honi ohore egingo diote, antzina gure aurrekoek goratu eta ospatu bezala.
Ginena eta garena ez daudelako elkarrengandik hain urruti. Udaberri koloretan jarrai dezagun loratzen, behin eta berriz, bizitzaren zikloekin etengabean. Geldialdia egin eta momentua gozatu. Horixe oraingoan nire gonbidapena.