IRITZIA

Tradizioak tradizio

Erabiltzailearen aurpegia Ainara Riveras 2025ko api. 20a, 18:00

325. urtean Konstantino I.a enperadorearen borondatez egindako Nizeako Kontzilioaren ilustrazioa.

Aste Santua hemen da. Aurten, seguru nago, askori luze egin zaizuela. Gabonak eta uda bitartean egunerokotasuna albo batera utzi eta atsedenerako egun batzuk hartzeko sasoi paregabea izaten da. Oporralditxo luzeagoa batzuentzat, motzagoa besteentzat, baina, ditugunontzat, eguna luzatuta, planak edo kapritxozko bidaiatxoaren bat egiteko ezin hobea. 

Gu txikitan herrira joaten ginen beti. Abuelo eta abuela bisitatu eta, gari, azukre-erremolatxa eta patata soro amaigabeen berde ugariren artean, bizikletarekin gora eta behera ibiltzen ginen. Egunak luzatzen eta udaberria bere lehenengo kolore biziak eskaintzen hasita egoten zen.

Naturaren eztanda horren aurrean, hala ere, ospakizun erlijioso ilun dezente ere ikustea tokatzen zitzaigun: irudi erlijiosoak bizkarrean, oinutsik, buru estaliak. Jesusen heriotza eta berpizkundea ere, zeharka bazen ere, ospatu beharra izaten genuen. Gure harridurarako Ostiral Santuko menuan abuelak ez zuen okelarik prestatzen eta Pazko Domekan mezetara joaten ginen.

Badirudi, 325. urtean, Nizeako Kontzilioan onartutako sistemarengatik aldatzen dela urtero Pazkoa ospatzeko data. Udaberriko ekinokzioren ondorengo lehenengo ilargi betea eta astebeterako domekan ospatzen da. Martxoaren 22tik apirilaren 25erako tartean suerta daiteke eta, gauzak horrela, ilargi egutegiaren data zehatzaren araberakoa izaten da.

Penitentziaren ilunak eta Jesusen berpizkundeak eta udaberriaren ernaltzeak eta bizi berri baten itxaropenak bat egiten dute beste behin. Oraingoan ere kristau errituen datak bat datoz naturaren zikloen joan-etorriarekin. 

Antzina gauari begira bizi ginen, denbora ilargi-hilak zehazten zuen. Erlijioak bere tradizioak gure orduko bizimodura egokitu eta, indarrarekin batera, zabaltzea eta gailentzea lortu zuen arren, Aste Santuak ilargiaren esanetara egoten jarraitzen du, antzinako gure arrasto intimoetako baten esanera, hain zuzen ere. 

Kontsumismoaren tranpan, gaur egun ez ilargiak, ez nekazaritzak, ez erlijioak, gutxi samar axola zaizkigu behin gure jendarteak bizirauteko funtsezko izan zituen tradizio ez hain zahar eta egiturazko horiek. Tradizio hitzak belaunaldi batek hurrengoari uzten diona esan nahi du. Horregatik, posible bada, garrantzitsua deritzot jasotakoari mimo handiagoz begiratzea eta noraeza betiko gailendu baino lehen, badaezpada. 

Bakoitza erabakitzen duzuen moduan gozatu, deskantsatu eta, udaberriarekin batera eta ahaztu gabe, berpiztu eta sentitu berriro zareten indar eta ernal daitekeen sormen amaigabe hori. Tradizioak tradizio funtsean hori baikara gu ere.