Baldin badago esaldi bat, mahai oso baten atentzioa erakarri ahal duena, hau da: Ez duzue sinistuko zertaz enteratu naizen! Zurrumurruei, txokolatezko palmerei bezala, zaila da ezetz esatea.
Zurrumurrua: Subjekturik, beraz arduradunik gabe eta errepikapen hutsaren poderioz, erraztasun osoz edozein astakeria egia borobil bihurtzeko gaitasuna duen esamesa… Hola ikusita, beldurgarria, ezta?
Zurrumurruen urrezko aroan bizi gara. Gaur egungo mundu digitalean, erraza da gezurrezko informazioa bolbora bezala zabaltzea. Sare sozialek eta hedabide digitalek ahotsa eman digute guztioi, eta hori sekulakoa da, baina horrek ere esan nahi du edozeinek bota dezakeela zurrumurru bat ondorioetan pentsatu gabe edota oso ondo pentsatuta…
Jakin badakigu zurrumurruak eta albiste faltsuak pertsona edo talde jakin batzuk erasotzeko helburuarekin sortzen direla. Gaur egungo komunikabide eta politikari batzuen eguneroko ogia.
Eta okerrena da pixkanaka-pixkanaka ohitu garela. Badirudi reality show amaigabe batean bizi garela, non politikariak eta komunikabideak eszenarista eta ekoizle bihurtu diren espektakulu lotsagarrienetarako. Eta guk, ikusle pobreok, kanala aldatu ere ez dugula egiten!
Buloak goizeko kafea bezala hartzen ditugu: zalantzarik egin gabe, hor daudelako besterik gabe. Desinformazioa gure eguneroko dietaren parte bihurtu da.
Horregatik, zurrumurruak eta titular sentsazionalistak, txokolatezko palmerak bezala, tentuz hartu beharko genituzke. Nahiz eta gustura jan, onik ez digutela egiten badakigulako!