Haizete handi batek bota zuen intxaurra eta eraikinok beranduago joango ziren, etxebizitzak altxatzeko. Baserriaren beheko aldea ondo aprobetxatuta zegoen: sagarrak estutu eta sagardoa egiteko dolarea zuten bertan, Mallabiko baserritar askok burdian ekartzen zituztenak, eta ondoan zerrategi txiki bat, Madrilesek eta Kornelianeko Fernando Zubizarretak, Felix Errauskini Eitzagan oholak erosi eta kutxak egiten zituztena, tailerretako gauzak kanpora garraiatzeko. Sagasti ederrak zituzten Orozkonean: Mallabirako bidean, Betiondoko Kurutzean, Pagorbe parean… Urte erdirako sagarra egoten zen haien ganbaran, etxerako, ganaduei emateko, sagardoa egiteko… eta kupeletan gordeta iraun eragiten zioten, jatorduetan, pitxarretara aterata, huraxe edanez.