Duela gutxi inkesta bat argitaratu da. Bertan, gizonen % 44k eta emakumeen % 32k uste zuten emakumeen berdintasunaren sustapenean hain urrun iritsi dela non orain gizonak diskriminatzen diren. Harritzekoa, ezta? Datu ofizialei erreparatzen badiegu (soldata-arrakala, lan-prekarietatea, indarkeria matxista eta zaintza-lana, besteak beste) errealitatea ez dator bat, inola ere ez, jende horren pertzepzioarekin, eta oraindik ere erakusten du emakumeek bizitzako arlo guztietan jasaten duten diskriminazioa. Orduan, zergatik zabaltzen dira hain erraz ideia faltsu horiek? Zergatik diote gizonek diskriminatuta daudela?
Jakin badakigu emozioak direla gure pentsamenduen eta iritzien jatorria. Kasu honetan, ziurrenik, gizon izate hutsagatik dituzten pribilegio matxistak galduko ote dituzten beldur dira: boterearen pribilegioa, indarkeriaren erabileran zigorrik gabe geratzeko pribilegioa, zaindu beharrik gabe zaindua izateko pribilegioa... Feministok hamarkadak daramatzagu konprometituta eta lanean zaintza sistema publikoa eta unibertsala, kolektiboa, iraunkorra eta erantzunkidea izan dadin, guztiontzat ona. Baina hori, jakina, ez da bateragarria gizonek beren pribilegio matxistei eustearekin, ezta zaintzak negozio bihurtzearekin ere.
Jaunak: ez da kexatzeko garaia, zuen berdintasunaren aldeko ardura pertsonala eta kolektiboari heltzeko ordua da. Tokiko erantzunkidetasuneko itunak sustatzeko garaia da, zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko aliantza sendoak sortzekoa. Aztertu ditzakegun esperientziak eta formulak badaude: etxebizitza kolaboratiboak, sukalde komunitarioak eta bestelako eredu alternatiboak.
Herri Akordioa martxan dago eta Ermuan guztion parte-hartzearekin garatzen ari gara.
Martxoaren 8an denok manifara!