Konponbidea ez bazara, arazoa zara

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Fernández 2024ko abe. 1a, 08:00

Bizitzako arazo unibertsal kezkagarrienak zeintzuk diren emakumeei galdetuko bagenie, ziur asko bata indarkeria matxista dela erantzungo lukete eta bestea emakumeen bizkarren gaineko bizitzaren zaintzaren zama. Karga handiak!

Biek ezaugarri berberak dituzte:

  • emakumeak diskriminatzen dituen botere-sistema batean dute jatorria 
  • gizonek sortzen dute
  • izugarrizko kaltea eragiten dute emakumeengan eta neskengan 
  • erabat normalizatuta daude gure eguneroko bizitzetan

Gure jendartean arazo horiek publikoki salatzen dira, baina, paradoxikoki, sistema elikatzeko eta iraunarazteko erabiltzen dira. Bizi-kontraesan horretan, gizon gehienek sistemaren konplize izaten jarraitzen dute, neurri handiagoan edo txikiagoan.

Batzuk kexu dira:
"Ah, baina ni ez!!, nire laguna ez!!, nire aita ez!!, nire senarra ez!!"

Arazo horietan faktore indibidualak zein kolektiboak daude jokoan. Horregatik, konplizitatearekin amaitzeko, konpromiso eta erantzukizun pertsonalak eta kolektiboak hartu behar dira nahitaez.

Zigorgabetasuna eteteko ordua da. Bada garaia erakundeek dagozkien konpromisoak har ditzaten; izan ere, indarkeria sortzeaz gain, pertsona guztientzako zaintza sistema duina, publikoa eta komunitarioa lortzeko erantzukizun soziala beren gain hartzea saihesten dute. Eta zu, gizona zarenez, bada garaia interpelatuta sentitzeko, nahiz eta zu ez izan aita abusatzailea, lagun babosoa, senar bortxatzailea, neba arduragabea...

Konponbidea ez bazara, arazoa zara. Ireki begiak! Horren aurrean, mobilizatzeko gai al zara? Prest al zaude zure jokabideak berrikusteko, aliatu egiteko eta errealitate berri bat eraikitzeko emakumeen ondoan?

Lotsa eta beldurra, emakume handi askori esker, lekuz aldatzen hasiak dira. Herri berri bat abian da, zaintzen herria, hain zuzen ere.