Soraluze BHI, La Salle Azitain, Elgoibarko Ikastola, Mendata BHI, Goizeko Izarra, Mutriku BHI, Elgoibar BHI eta Ermuko San Pelayo ikastetxeetan egingo ditu Mankomunitateak hondakinen karakterizazioak.
Mankomunitateko teknikariek ikastetxe bakoitzetik hurbilen dagoen edukiontzi grisaren karakterizazioak egingo dituzte ikastetxeetako patioan, edukiontzi grisean botatzen diren hondakinak aztertzeko, izan ere, datuek erakusten dutenez, normalean gaizki sailkatutako hondakinak agertzen dira. Karakterizazioa egin ondoren, gaizki birziklatutako hondakinek dagokion udalerriko zaborren tasan duten eragina aztertuko da, baita hondakin horiek behar bezala sailkatuz gero aurreztuko litzatekeena ere.
Belaunaldi berrietan eragitea
Ekimenaren helburu nagusia da belaunaldi berriak hondakinen gaikako bilketaren garrantziaren inguruan sentsibilizatzea, hondakinen sailkapen egokiarekin lotutako ingurumen, gizarte eta ekonomia onurei buruzko kontzientzia sortzeko. Ekimen honen bidez ikasleak onura horien berri ematean, pentsamolde jasangarria sustatu nahi da txikitatik, belaunaldi berriak ahaldunduz, ingurumen-aztarna murrizteko aldaketa-eragile bihur daitezen.