'Kulturatik stop genozidioa' Donostiko manifestazio nazionalera joateko deia

2023ko azaroan, Donostian. Argazkia: EITB Media.

Ermua Palestinarekin Ekimenak Ermuko herriari dei egin dio bihar, martxoaren 17an, herri palestinarraren genozidioaren amaiera eskatzeko Donostian egingo den manifestazio nazionalera joateko.

Kulturatik Stop Genozidioa euskal kulturako hainbat erreferenteek bultzatutako ekimena da, hala nola:  Itziar Ituño, Bernardo Atxaga, Montxo Armendariz, Ruper Ordorika, Unax Ugalde edo Iñaki Gabilondo, besteak beste.

Manifestazioa 12:30etan hasiko da Alderdi Ederretik. Ibilbide osoan zehar, Kontxako pasealekutik Haizearen Orraziraino, formatu txikiko ekintza artistikoak egongo dira, artista desberdinek interpretatuta: musikariak, bertsolariak, mimoak, margolariak, abeslariak eta abar. Amaieran, Txillidaren eskulturekin batera, giza ekintza artistiko masibo bat irudikatuko da, Palestinan hil dituzten 30.000 pertsonak gogora ekartzeko.

Ekimen honen helburua da Palestinako herriari elkartasuna adieraztea eta genozidioaren amaiera aldarrikatzea. Horretarako, agintari eta politikariei Israelekin harreman komertzial, militar eta diplomatiko guztiak etetea eskatzen diete.

Ermuko irteera goizeko 10:00etan izango da Agirre Kirolak-etik Lurraldebusean, eta itzulera Donostiatik 14:20ean.