500 pertsona Palestinaren alde Ermua eta Eibartik abiatutako martxa bateratuan

500 pertsona baino gehiagok parte hartu dute igande honetan Ermuko eta Eibarko herri plataformek Palestinako herriari babesa emateko antolatu duten manifestazio bateratuan.

Martxa 2 zutabek osatu dute, horietako bat Untzaga plazatik abiatu da eta bestea Ermuko Plazatik, eta bi herrien artean dagoen Sallabenteko frontoian bat egin dute.

Martxaren bukaeran egin den ekitaldian Patxi Dinamita musikariak hartu du parte, eta duela 8 hilabetetik Gazako herritarrek egunero pairatzen dituzten bonbardaketen alerta gogora ekartzeko, sirenak jo egin dituzte Israelgo bonbek denbora horretan hil dituen ia 40.000 pertsonen gorputzak irudikatzen ziren bitartean.

Ekitaldian irakurri den idazkian, antolatzaileek "Israelek nazioarteko zuzenbidea, Nazioarteko Justizia Gortearen aginduak, NBEren ebazpenak, giza eskubideak eta bizitza zapaltzen dituela" salatu dute. Era berean, adierazi dute “ez dutela erokeria hau geldiaraziko gure gobernuek zigor ekonomikoak ezarri eta genozidio honen erantzuleekin harreman komertzialak eten arte".