100 lagun batu ziren Palestina Eguneko giza katean

Ermuak Palestina Eguna ospatu du larunbat honetan eta ekintza kultural ugari antolatu ziren: umeentzako tailerrak, ilustrazio erakusketa, kontzertuak... baina eguna borobildu zuena ermuarrek osatutako giza katea izan zen. Bideoa: Colibres Ermua. Argazkiak: KI Ermua.

Ermua Palestinarekin Ekimenak antolatutako jardunaldian hainbat jarduera egin dira haurrentzat: txapel tailerrak, marrazkiak, eskumuturrekoak, henna, pintakarak eta misilari tiroa. Goizean zehar, herriko artistek mural bat margotu zuten Plazan, eta bertan kokatuko da modu iraunkorrean aurrerantzean."Kulturatik Genozidioa STOP - Kultur sortzaileak Palestinarekin" erakusketa ere zabaldu zen herriko Plazan, 23 euskal ilustratzailek egina, azarotik Lobianon eta Ermuko hainbat dendatan ikusgai egon dena.

Ekitaldi nagusia Palestinako herriari elkartasuna adierazteko Zubiaurre kalean egindako giza katea izan zen. Ehun bat lagun batu ziren, duela 14 hilabetetik Israel Gazako zerrendan egiten ari den genozidioa salatzeko.

Patxi Dinamita eta Jon Moma musikarien emanaldiarekin amaitu zen jardunaldia.

Komunikatua

Giza katearen bukaeran irakurritako komunikatuan, antolatzaileek gogoratu zuten 14 hilabete pasa direnean, herri palestinarraren genozidioa bere horretan dirauela. Beraz, guztiz beharrezkoa da gizarteak kalera ateratzen jarraitzea, gure gobernuei holokausto horren arduradunekiko harreman guztiak eten ditzaten eta Israeli boikota eta zigorrak ezar diezazkioten exijitzeko.