Partidak asteburuan... eta baita astegunetan ere

Aste honetan haur mailako jokalariek asteazkenean Barakaldoko Salestarren aurka jokatu behar izan dute atzeratutako partida. Gainerako partidak inolako arazorik gabe jokatu dira asteburuan.

Aste hau ezberdina izan da, asteko lehen partida Miguel Angel Blanco kiroldegiko kantxan jokatu zen, 18:30ean. Saski Ermua taldeko infantilak Barakaldoko Salestarren aurka jokatu zuen Ligako 4. jardunaldiko partida. Ermuarrek hirugarren garaipena jarraian lortu zuten, bosgarrena guztira eta hirugarren postuan daude.

Asteburuari hasiera emateko arduradunak 2. urteko kimu taldekoak izan ziren. Bilboko Jesuiten ikastetxera joan ziren Indautxuren aurka irabazteko. Bestalde, pre-miniak ezin izan zuen Urretxindorraren aurkako duelua irabazi Bilbon.

Larunbat arratsaldean saskibaloiz gainezka egon zen Betiondoko Kirol Gunean hiru partidu jarraian jokatuz. 15:30ean zelaian sartzen lehena Zornotzaren aurka galtzaile atera zen Junior izan zen. Ondoren, 16:45ean, haur mailako jokalariak bere bigarren partida jokatu zuen 4 egunetan, hirugarrena astebetean, Gazteluetaren aurka. Kadeteak 30 puntugatik irabazi zion Jarrilerosi eta, ondorioz, galdu gabe jarraitzen du, 3tik 3 irabazita.

Hurrengo jardunaldiak, otsailean izango denak, 5 partida dakarzkigu. Larunbatean hiru partidak kanpoan jokatuko dira. 2. urteko kimua Santurtzira joango da, pre-minia Bilbora Jesus Mariaren aurka jokatzera eta haurrena Galdakaora joango da eta bertan Ibaizabalen aurka neurtuko ditu indarrak. Igandean bi partidak etxetik urrun jokatuko dira, kadeteak Balmasedara joango dira Unovisionen aurka jokatzeko eta azkenik, juniorra Arrigorriagara joango da Paduraren aurka jokatzeko.

Datorren astera arte eta eskerrik asko jarraitzeagatik!