Maria Rosario Arrizabalaga ermuarra omendu zuten SEADen aldarrikapenaren 49. urteurrena ospatzeko ekitaldian

Erabiltzailearen aurpegia Ermuko Emakumeen Asanblada

Pasa den astean, otsailaren 26an, Maria Rosario Arrizabalaga "Mariarro" ermuarrari omenaldia egin zitzaion Gasteizko Goiuri Jauregian, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapenaren 49. urteurrena ospatzeko egindako ekitaldian. Bertan izan ziren Fronte Polisarioak Espainiar Estatuan dituen ordezkariak, Eusko Legebiltzarrekoak, Arartekoarenak, Euskal Fondoarenak, Europako Parlamentuarenak, hainbat udal, alderdi politiko, sindikatu eta gizarte-erakundetakoak.

SEADen Lagunen Elkarteak Maria Rosario partaide zuen Ermuko Emakumeen Asanbladari Saharako Emakumeen Batasun Nazionalaren eskutik jasotako plaka bat eman zion, iaz Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetan ekintzaile ermuarraren omenez egindako beste ekitaldi batean emakume sahararrek eskainitako oroigarria, hain zuzen.

Omenaldi honetan, Maria Rosario Arrizabalagak 2021ean hil zen arte saharar herriaren alde egin zuen lana goraipatu zen, eta bereziki nabarmendu zen errefuxiatuen kanpalekuetan emakumeen etxeen sare bat sortzeko bere ekimena eta bultzada erabakigarria.

Ermuko Emakumeen Asanbladako ordezkariak ekitaldian azpimarratu zuenez, "Mariarrok bizitzan zehar izan zituen borroka ugarien artean, ziurrenik bi izan ziren oraindik ere grina handiagoarekin sentitu zituenak, feminismoa eta Sahara, eta biak bat egiten dute saharar emakumeen etxeen proiektu honetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.