‘Ermuko Saihesbidea – Variante Ya’ hiritar plataformak bere azken batzarrean erabaki du mobilizazio berri bat deitzea: azaroaren 21ean, ostiralean, 18:30ean, Torrekua kaletik abiatuta. ‘Nahikoa da! Saihesbidea berehala!’ lelopean, protestak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatuko dio bere konpromisoak bete ditzala eta oraindik abiatu gabe dauden lanak berehala hasi daitezela. Plataformak, halaber, Aldundia gobernatzen duten alderdiei —EAJ eta PSE— interpelatuko die, atzerapenei amaiera ematea exijituz.
Hegoaldeko zatia amaitu zenetik zazpi urte igaro dira, baina Urtia eta Goitondoko lanak oraindik ez dira hasi. Plataformak salatu duenez, «Aldundiak berriro ere bere hitza hautsi du», eta gogorarazi dute azken bi hamarkadetan atzerapenak pilatu egin direla. 2003an egindako iragarpenetik —orduan esan zuten saihesbidea 2012rako bukatuta egongo zela—, Urtiako lanen azken atzerapenera arte, «instituzioen konpromiso falta» agerikoa dela diote.
Aldundiaren aurreikuspenen arabera, proiektuak ia hogei urteko atzerapena pilatuko luke hasierako epeekiko: hasieran 2012rako irekita egongo zela esan zuten, eta orain, gutxienez, 2030erako kokatzen dute amaiera. Horregatik, plataformak herritarren erantzun irmo eta bateratua eskatzen du, ziur baitago presio sozialik gabe ez dela benetako aurrerapenik izango.
Azken urteetan zenbait lorpen eskuratu dira —adibidez, kamioi astunen zirkulazioaren murrizketa—, herritarren mobilizazioari esker. Hori dela eta, plataformak elkarteak, klubak, merkatariak, sindikatuak eta alderdi politikoak deitu ditu manifestazioarekin bat egitera, azpimarratuz herritarrak antolatuta eta tinkojardunez soilik lortuko dela konpromisoak betetzea eta Ermuko saihesbidea behingoz errealitate bihurtzea.