Badator berriro oihuka

Erabiltzailearen aurpegia Jabi Vidal 2024ko aza. 21a, 10:40

Argazkia: Goiena.

“Udazkena, osteguneko pintxo-potearen orduan, aurreko asteburuan Udalaitz tontorretik gurutzea desagerrarazi zuen taldearen aldeko brindisa egiten ari ginen; halako batean, Mikel eta biok isilik geratu ginen, atentzioa beste nonbaiten, etxebizitzen atzeko aldean, urrunean, ikusten zen mendi tontorrean, hain zuzen ere. Egun ilun eta euritsua izanda ere, halako batean eguzkiak mendi haren gailurra argitu zuen, tontorra bakarrik, erlijio ikurrik gabe. Eta besteek berbetan jarraitu bitartean, gu edertasun hark harrapatuta eta liluratuta geratu ginen, gero berriz ilundu zen tontorra. Zuk ere ikusi duzu? galdetu zidan Mikelek, hara begira nengoela konturatuta, eta nik irribarre konplize batekin erantzun nion”. Ainhoari asko gustatzen zaio udazkena eta beti gogoratuko du udazkeneko une eta tontor magiko hori. Udazkenean Ainhoaren mendi-bueltak kolore gorrixkak, urrezkoak, okreak, horiak eta laranjak bihurtzen dira. Igaro dira “Hiru Txikiak” eta beste mendi lasterketak, eta orain mendira lasaiago joateko garaia da.

Udazkenean Ainhoak berriz jantziko ditu txamarrak, jertse potoloak eta bi galtzerdi pare. Ipiniko du nordikoa ohean, jantziko ditu pijama luzeak. Gordeko du eguzkitako krema eta obsesionatuko da kalabaza purearekin. Prestatuko du dilista kilo osoa eta beteko du izozkailua, aterako du San Martineko arropa, lehortuko ditu mendiko botak eta ez dio izotzik botako kafeari. Itzuliko dira txakurrak hondartzetara, itzuliko dira turistak haien etxeetara. Erretzaileak bakarrik egongo dira terrazetan. Iluntzeetan berriz igaroko dira bikoteak, paseariak eta korrikalariak “Behobia” prestatzen. Bi aldiz pentsatuko du leihoa noiz zabaldu, izarak noiz aldatu eta ilunsenti ederrak oparituko dizkio zeruak.

Udazkenean igaroko zara nobelak irakurtzetik ipuin-liburuak irakurtzera. Errukituko zara aurtengo udan egin ez duzun horregatik guztiagatik. Azken musuak zirela jakin gabe emandako musu erdiengatik. Azken izozkia zela jakin gabe aukeratu zenuen banilla izozkiarengatik. Azken hondartza eguna bainatzeko aprobetxatu ez izanagatik. Dantza egin ez zenuen gau hartan dantza egin ez izanagatik. Azken eguzki egun epelean praka luzeak jantzi izanagatik. Okurritzen zaizun edozein txikikeriarengatik.

Udazkeneko mendi-bueltak zoragarriak dira, koloretako hostoz egindako alfonbrak basoetako bideetan zanpatuz, zirrin-zarran pauso bakoitzaren soinu salataria aireratuz eta zuhaitzek hostoak uzten dituzten gisan, guk ere utzi beharko genituzke hainbeste lotzen gaituzten ideia, erlazio eta, batez ere, traste eta bestelako kargak. Beharrezkoak ez diren kargak arintzeko garaia da. Azaroak 25 helduko da eta La Pollaren abestien moda ez da pasako: "Ya llega otra vez gritando, amenaza con matarme, llamar a la policía, denunciarlo a la justicia, que lo metan en la cárcel, volverá a intentar matarme, la repulsa ciudadana, el apoyo feminista, 1.200 periodistas… Me he comprado una pistola, ya llega otra vez gritando".

Ba hori, gozatu udazkena!