El congreso de ratones (Saguen biltzarra)

Erabiltzailearen aurpegia Jabi Vidal 2025eko irailaren 27a

Ikerrentzat iraila astelehen luze bat da. Iraila da kotxe barruko astelehen goizeko aharrausia, liburuz beteriko eskolako motxila pisutsu bat, egin gabeko ohea, asteburuko oroitzapena ezpainetan, hozkailu hutsa, zereginen zerrenda amaigabeak; iraila medikuarekin hitzordua eskatzeko duzula pentsatzea da, eta gaur ere biharko uztea.

Ikerrentzat iraila "El congreso de ratones" abestia da (Señores diputados, la situación es extremadamente grave, debemos hacer un consenso para meterlo dentro de un marco, qué monada!...), eta politikarien jarrera genozidio amaigabearen aurrean irudikatzen du. Irailean, zorionez, Vueltako Bilboko etapan herritarrak ausartu dira gobernu ustez demokratikoek egiten ez dutena egitera, nahiz eta Vocentoko egunkaririk salduenak esan “amaierarik tristeena” izan zela. Gizatasuna eta duintasuna galdutzat ematen ez ditugunon pozerako.

Baina nahiz eta iraila izan, gaur Iker pozik dago, sarrera batzuk tokatu zaizkio VIP palkoan Txapeldunen Ligako futbol partidu bat ikusteko. Nahiz eta bere talderik gogokoena ez izan, VIP palkora joango delako pozik dago.

Ainhoak, baina, ez du ulertzen zergatik dagoen hain pozik, zergatik nahiago duen futbol partidu hori VIP jendearekin ikustea, eta ez beraien lagunekin beti elkartzen diren tabernan garagardo bat hartzen duten bitartean. Ainhoa saiatzen da azaltzen zeintzuk diren benetan inportanteak bizitzan, ze guztiok behar dugu inportante sentitu, eta ez VIP palkora joateko Txapeldunen Ligako futbol partidu bat ikusteko, baizik eta norbaitentzako pertsona garrantzitsua garela sentitu nahi dugulako. Gurekin egoteagatik edo gu ezagutzeagatik norbaiten bizitza hobea dela sentitzea benetan pozgarria delako. Horrela, Ainhoa garrantzitsu sentitzen da lagun batek deitzen dionean mendira joateko, mendian gozatu eta gero beti daudelako garagardo batzuk elkarrekin ospatzeko; garrantzitsu sentitzen da lagun bati mezu bat bidaltzean aurretik dakienean erantzungo diola, nahiz eta oso lanpetuta egon, saiatuko dela berari kasu egiten; garrantzitsu sentitzen da lagun arteko bazkarietara gonbidatzen dutenean; garrantzitsu sentitzen da lagun batek besterik gabe deitzen dionean, arrazoi zehatzik gabe, soilik zelan dagoen jakiteko; garrantzitsu sentitzen da norbaitek bere umorearekin bat egiten duenean eta elkarrekin barrez lehertzen direnean; garrantzitsu sentitzen da edozein proposamen ero botatzean lagunak hor daudelako prest; garrantzitsu sentitzen da norbaitek liburu bat erosten dionean liburu-dendan ikustean berataz gogoratu delako, berari halakoak gustatzen zaizkiola badakielako...

Denok daukagu guretzat inportantea den jendea, baina batzuetan ahaztu egiten zaigu haiei garrantzitsuak direla sentiaraztea. Beraz, ondo dago noizbehinka pertsona horiek zeintzuk diren pentsatzeko ahalegina egitea eta erabakitzea haiei keinu bat, euren egoeraren berri izateko dei bat, mezu bat, opari bat, kontsulta garrantzitsu bat... egitea, senti dezaten zuretzat garrantzitsuak direla. Senti dezaten “jende garrantzitsua” izateko ez dela beharrezkoa VIP palkoan agertzea, aski dela norbaitek zu miresteko handitasuna erakustea.

Iker pentsakor gelditu da sarrerei begira eta handik gutxira Ainhoari esan dio: arrazoia duzu, pentsatzen egon naiz eta sarrerak aldatu ditut, orain Evaristoren kontzertua ikustera joango gara!!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.