Askotan artea erlaxatzeko erabiltzen dugu, bizitzari ihes egiteko, energia deskargatzeko edota plazerra ematen digun ekintza gisa. Baina hortaz aparte, arteak haurraren garapenean eragin onuragarriak izaten ditu: psikomotrizitate fina eta lodia, adibidez. Gainera, artearen aukera eta material ezberdinekin, kontzeptu desberdinak barneratu ditzakete haurrek: sormena, memoria, arreta, kontzentrazioa, koloreak, formak, ehundurak…
Haurra artearen aldaera ezberdinetan ibiltzean, kontzentratu egiten da, trazu edota formak lortzeko. Emaitza lortzeko kontuz ibili behar da, dena ez hondatzeko, eta hori lortzeko irudimena eta memoria ere erabili beharko ditu. Arteak denbora eta dedikazioa eskatzen ditu, eta horrek pazientzia eta kontzentratzeko gaitasuna garatzen laguntzen die haurrei. Era berean, trazuak egiteko eskuaren mugimenduak kontrolatzen ikasiko du, motrizitate finaz, gerora, idazteko prozesua prestatzeko.
Haurra, lanean dagoen bitartean, bere buruaz jabetuko da. Bere lana, bere ekintza eta mugimenduen araberako emaitza izango da, eta horrek bere erantzukizunaren ideia sortuko du. Horrela ere, taldean lan eginda, bere arlo soziala ere landuko du. Horregatik txikitatik landu behar ditugu arte disziplina ezberdinak, bai bakarka bai taldean, etxean, eskolan edota akademietan. Sozializazioa eta talde lana errazten ditu horrek, haurren arteko lankidetza eta komunikazioa sustatuz. Horrela, besteekiko enpatia eta ulermena garatzen ere laguntzen du, beren emozioak adierazi eta besteenak ulertzeko aukerak emanaz.
Haurren garapenean funtsezkoa da artea, modu horretan ikasi, hazi eta adierazten ikasteko, horrela haurren hazkunde pertsonal eta emozionala sustatuz. Haurrak sortzaile hazi behar dira, ez artistak izateko, bizitzan sormena, irudimena eta arlo sozialak erabiliz erronkei aurre egiten ikasteko.