Bilboko jaietan txosna bat ikusi nuen esaldi hau idatzita zeukana: “Osasun mentala”. Ez dakit ze txosna zen, baina zoragarria iruditu zitzaidan jai giroan egonik pertsona talde batek gogoan eramatea osasunaren zati hain garrantzitsua. Zeren eta, leloak esaten duen bezala, ez dago osasunik ez badago osasun mentala.
Hala ere, Osasun Mentalaz hitz egiten dugunean, zer kolektibori buruz ari gara? Normalean, politika publikoak kolektibo jakin batzuengan eragitera bideratzen dira, tartean gizarte-bazterketa pairatzeko arriskua duten pertsonengan, nahasmendu mental larria dutenengan… eta 2023-2028ko estrategian, Eusko Jaurlaritzak lehenesten du elikadura-portaeraren nahasmendua duten nerabeengan eragitea, haurren eta gazteen osasun mentala, eta osasunerako kaltegarriak diren substantzien erabileratik eratorritako nahasmenduak.
Estrategia hori beharrezkoa da, baina gizartean badago oso larria den arazoa ere, landu beharrekoa dena, eta ez dagoena oinarrizko nahasmendu mentala izatearekin lotuta. Hala, aztertu beharko lirateke herritarren osasun mentala pixkanaka-pixkanaka okerrera joatearen sorburuak diren gizarte determinanteak. Izan ere, herritarrak saiatzen dira haien arazoak “konpontzen” (tartean, etxebizitza eskasia, soldata eskasak eta lana eta familia bateragarri egiteko zailtasunak) farmakoekin, eta muturreko kasuetan, bere buruaz beste eginez. Bai, 2023an 141 lagunek egin zuten bere buruaz beste Euskal Autonomia Erkidegoan.
Horregatik, beharrezkoa da Osasun Mentalaren Prebentziorako Plan Integrala, bizitza kalitatea kentzen duten arrazoi biologikoak zein gizarte determinanteak kontuan hartuko dituenak eta, horiek lantzean, botikan oinarritutako terapiak erabiltzea saihestuko lukeena.
Hain zuzen ere, profesional ezak baztertu egiten dituenez terapia ez-farmakologikoak kasu askotan (terapia psikologikoa, kasurako), giza baliabide eta baliabide materialetan inbertitzearen aldeko apustua egin beharko litzateke, paziente bakoitzaren beharretara egokitutako arreta eskaini ahal izateko. Eta horrela, ez litzateke egongo txosna batean aldarrikatzeko beharrik.