Idaztea tokatzen den honetan, gaia pentsatzen noan bitartean, denborak aurrera egiten du, denbora da beti erritmo berean doan gauza bakarra. Hor dago beti, gurekin doa, edo gu berarekin, baina bera beti bere erritmora, geldiezina, eta norberak duen kontzeptua desberdin bilakatzen da. Kuriosoa da zelan aldatu daitekeen momentuaren arabera, bizipenaren arabera eta esperientziaren arabera. Bat-batean bost ordu pasa dira eta beste batzuetan, minutu bakarrak eternitatea dirudi. Eta denboran pentsatzen noan bitartean, “lotura” edo “harremanen” inguruko idatzia egitea pentsatu dut, denborarekin erlazionatutako idatzia hain zuzen ere.
Pertsona denok, jaiotzetik eta bizitzen goazen esperientzia guztietan bizi dugun aurreneko emozioa loturarena da, amarekiko lehen inprontatik hasita, aita, guraso, anai-arrebak, aiton-amonak, lagunak... denak dira loturak eta denak desberdinak.
Esaten da oso garrantzitsua dela amarekin dugun lehen inpronta hori, bederatzi hilez umetokian gaudenetik eta kanpora irteten garen horretan bizi ditugun lehen pertzepzio horiek amarekiko lotura eta gertutasuna sortarazten lagunduko baikaitu; eta gertutasun horrek harreman-lotura ematen digun bitartean, pertenentzia edo kide sentimendua finkatzen da. Eta denbora aurrera doan heinean autonomia lantzen goaz.
Eta urteak joan eta etorri, bizitzak aurrera egiten du, umeak badituzu inguruan, denbora astiro doa, egunak eta asteak luzeak dira eurentzat eta denbora “kontzeptua” nagusiekin konparatuta guztiz desberdina da, kuriosoa ezta? Momentukoa momentuan bizi dutelako, ez daude etorriko den horren zain, (Olentzero kenduta, noski, edota euren urtebetetze-eguna), baina momentura eramaten zaituzte, orainera.
Eta oraina da daukagun egia bakarra, aitak jubilatu zeneko esaldia ez dut inoiz ahazten: “Julene: jubilatu naizenetik konturatu naiz egin nahi duzun horretan denbora berdin pasatzen dela, beraz, disfrutatu ahalik
eta gehien”.