Kontsumoaren dilema

Erabiltzailearen aurpegia Libe Solozabal

Kontsumitzea, beharrak zein nahiak asetzeko, ondasunak erabiltzea da. Espainiako Errege Akademiaren arabera (RAE), suntsitzea eta deuseztatzea ere kontsumitzearen sinonimo dira. Jakina da, gure gizartearen bizi maila beharren gainetik kokatzen dela, gure sistema ekonomikoa merkatu askatasunean oinarritzen delako eta produkzio baliabideak jabetza pribatua direlako. Denen ahotan daude izendatuko ez ditudan moda ultra azkarreko online enpresa txikizkariak. Egiaz, oso eskuragarria eta erraza baita edozer produktu eskuratzea haien bidez. Edonola ere, bildumen abiadura jarraitezina da, joera berriak asmatzen dituzte etengabean.

Baina zein da kostua? Atzean dauden baldintzak latzak dira: haurrak lanean, soldata oso prekarioak, azpiegitura penagarriak… Denok kexu garen eta desiratuko ez genituzkeenak. Norberarentzako eta ingurukoentzako onartezinak iruditzen zaizkigunak. Paradoxa.

Zer esanik ez ingurumenean duen inpaktuaz. Arduragabekeriaz kontsumitzean sortzen ditugun soberakinak gehiegizkoak dira, baliabide naturalak krisian egoteraino. Guztiz sostengaezina da.

Zaila da, ordea, hainbeste estimulatzen gaituen sistemaren aurrean alternatibei eustea. Hala ere, existitzen dira eta eskuragarri ditugu. Ekonomia zirkularrak kontsumo arduratsuaren eredu jasangarriagoa sustatzen du, materiala berrerabiltzeko asmoz. Gure ondasunak, hala nola arropa, ez lirateke erabili eta botatzekoak izan beharko. Bigarren eskuko gauzen zirkulazioa bultzatzen duten merkatu eta aplikazioak aukera bat dira. Gauzei beste erabilera bat eman ahal zaie, konpontzen ikasi genezake edo erabiliko duen norbaiti eman. Ohitura kontua ere bada, egunerokotasunean aldaketak barneratzeak inpaktua du.

Zaila da, bai, hainbeste gustuko aukera eskuragarri ematen digunari uko egitea, baina benetan gure baliabideekin akabatzeko zorian dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.