Mallabitarrek 7,97ko puntuazioarekin baloratu dute udalerria bizitzeko leku gisa

Erabiltzailearen aurpegia Mallabiko Udala

Mallabiko Udalak Gizaker bidez berriki egindako herri-galdetegian, mallabitarrek positiboki baloratu dute udalerria, herritarren bizi kalitatea hobetzeko Udalaren lana nabarmenduz.

Mallabiko Udalak herritarren iritzia jasotzeko berriki egin duen inkestaren emaitzak aurkeztu ditu. Inkesta Gizaker plataformaren bidez egin da, eta udal zerbitzuekiko zein Udalaren jardunarekiko asebetetze maila eta herriko eguneroko bizimoduarekin lotutako hainbat alderdi aztertu dira.

Mallabia, bizitzeko leku gisa oso ongi baloratuta

Emaitzek balorazio oso positiboa erakusten dute; 10etik 7,97ko puntuazioa jaso du udalerriak eta inkestatutako gehienek Mallabia bizitzeko leku bikaina dela uste dute. Emaitza honek agerian uzten du Udalak egindako lana, bereziki udal zerbitzuen kalitatean, herritarren ongizatean eta tokiko azpiegituren etengabeko hobekuntzan.

Gainera, inkestaren emaitzei jarraiki hondakinen bilketa eta gizarte zerbitzuak dira herritarrek ondoen baloratutako zerbitzuak. Mallabitarrek, halaber, hiri-azpiegituretan egindako hobekuntzak eta kutur zein kirol arloko ekimenak nabarmentzen dituzte Udalaren lorpen garrantzitsu gisa.

Udal kudeaketaren eta alkatearen lanaren balorazio positiboa

Era berean, mallabitarren gehiengoak ondo baloratu du Udalaren kudeaketa. Udalaren irudi orokorra ona da, 10etik 6,85 puntuazioarekin, eta arduradun politikoen lana 6,88 ko puntuazioarekin baloratu da. Horren harira, udalerria garatzeko eta bertako biztanleen bizi kalitatea hobetzeko Udalaren lana positiboa dela uste dute inkestatutako gehienek.

Bestalde, Igor Agirre alkateak ere balorazio ona jaso du, 10etik 7,29 punturekin. Herritarrek alkatearen kudeaketa hurbila eta gertukoa nabarmendu dituzte, mallabitarren eskakizunak eta beharrak entzuten dituela adieraziz. Gardentasuna eta udalerria hobetzeko duen konpromisoa ere nabarmendu dituzte.

Egindako inkestaren baitan, herritarrek Mallabiko etorkizunerako hainbat proposamen eta behar partekatu dituzte, besteak beste, gazte eta kultur ekipamendu berriak sortzea edota Berano eta Arandoño auzoetan saneamenduarekin eta ur-hornidurarekin lotutako jarduerak egitea ere. Azken proiektu hau laster jarriko du abian Udalak.

Era berean, herritarrek adierazi dute beharrezkoa dela garraio publikoa hobetzea, udalerriko mugikortasuna hobetzea eta espazio publiko batzuk mantentzea. Udalak eremu horietan lan egingo du herritarren bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko.

Azkenik, etorkizunari begira, biztanleek herri izaerari eustearen, gazteak erakartzearen, euskararen erabilera indartzearen, berdeguneak zabaltzearen eta etxebizitzarako sarbidea erraztearen garrantzia nabarmentzen dute.

Inkestaren emaitzek Mallabiko Udalak gardentasunarekin eta herritarren parte-hartzearekin duen konpromisoa indartzen dute. Udalak lanean jarraituko du Mallabia bizitzeko toki are hobea izan dadin, herritarren beharretara egokituz eta herriaren garapen iraunkorra sustatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.