Oso txikia nintzela gogoan dut nola osabak esan zidan buruan ideia gehiegi nituela eta hobe nuela idazten hasi, “bestela zoratu egingo zara”. Kasu egin nion, orduan kasu handia egiten nien-eta nire inguruko helduei. Egunerokoa, animalien deskribapenak, istorioak, errezetak, iragarkiak… idazten nituen nire lagun Jonek oparitutako tertziopelozko koaderno arrosan. Zortzi urte nituela irabazi nuen Juanita Ibaibarriaga Literatur Saria, eta beti esan diet ingurukoei hura izan zela nire idazle ibilbidearen maila gorena.
Nerabezaroan terapia modura erabiltzen nuen idazketa. Euskara eta literaturako irakasleak astero bidaltzen zizkigun idazlanen zain egoten nintzen, hitzekin jolastu eta esperimentatzeko oparituko zizkidaten aukeretan pentsatzen. Bakarrik sentitzen nintzenean, tristuraren eskua ate joka entzuten nuenean, minak begiak puzten zizkidanean… boligrafoa eta papera izaten nituen bidelagun. Hitzez eraikitako babeslekuak sortzeko gaitasuna nuen orduan, sentimenduak arte bihurtzea amets.
Unibertsitatean ere idazten jarraitu nuen haurrentzako ipuinak, abestiak, bertsoak, gogoetak. Lurpe tabernan lan egiten nuenean, ahozapiak erabiltzen nituen zerbitzatzen ari nintzela bururatzen zitzaizkidan olerkiak apuntatzeko. Eta gero bat-batean… ezereza. Jada ez dut boligraforik etxetik kanpo eramaten, lagunek oparitutako koadernoek hautsa hartzen dute gurasoen etxeko kajoietan, eta Instagramen ezik ez dut beste inon idazten.
Gertukoek galdetzen dutenean, gustatuko litzaidake esatea ez dakidala zergatik utzi nion idazteari, edo azalpen ironiko bat bilatzea. Adibidez, “Idazteari utzi diot etengabe eskatzen didazuelako idazteko eta jada ez zaidalako gustatzen inguruko helduoi kasurik egitea”. Baina ez. Idazteari utzi diot paperaren aurrean eseri eta esango dudan hori “nahikoa” ez izateak beldurra ematen didalako. Hori da egia biribila.
Txikitatik zerbait egiteko talentua dugula etengabe entzutean bi gauza gerta daitezke. Bat: gure talentuaren gaineko kontzientzia eraikitzen joatea eta gure alde erabiltzen ikastea. Bi: gure talentuarekin ezer ez egitea erabakitzea, hura inguratzen duten espektatibak bete ezin izatearen inguruko antsietatea handiegia delako.
Dorletak urtean behin gonbidatzen nau hemen idaztera eta “nahikoa” ez izatearen beldurrari partida bat irabazteko esaten diot baietz. Baita beharbada, neure buruari gogorarazteko, nahi dudanean babesleku berriak eraikitzeko gaitasuna dudala oraindik. Nahiz eta gure buruak etsai bihurtzen dituen maiz, hitzak beti direlako etxe. Amesteko, eraldatzeko eta loratzeko erabili ditzagun… beldur eta guzti aurrera egiteko.
Beldur handia ematen dizun zerbait egitera gonbidatzen zaitut gaur, nik ahal badut, zuk zergatik ez?