Ongarai eskolako lekukoaren mezua

Erabiltzailearen aurpegia Ongarai Eskola 2024ko mar. 26a, 08:00

Aurten lehenengo aldiz KORRIKA ofizialean parte hartu dugu, eta izugarria izan da! Eskolan daukagun aniztasuna kontutan hartuta, erronka handia daukagu euskalduntzean, eta honelako ekimenek aukera handia ematen dute euskararekiko atxikimendua sustatzeko. Hori dela eta, egitarau anitza antolatu dugu eta primeran pasatu dugu: Korrikan parte hartu, eskolan jaialdia, gure lekukoa eta mezuaren irakurketa, Aitor Elordi txapeldunaren bisita... Orain, guzti hau jasotzen duen bideo bat egin dugu, goian ikusgai.

Jarraian, Ongarai eskolak 23. Korrikarako idatzitako mezua.

Euskara, beste hizkuntzak bezala, altxor bat da, altxor unibertsal bat. Denona delako, gastatzen ez delako, eta dohainik erabiltzen dugulako. Denona da, eta ez da inoiz gastatzen erabiliz gero. Baina gutako bakoitzaren esku dago, daukagun altxor preziatu hau bizirik mantentzea.  

Euskara erabiltzen ez badugu, gaixotu egiten da, eta ez dugu hori nahi. Denok eman behar diogu elkarri euskara. Euskarak gu behar gaitu, eta guk euskara behar dugu. Ongarai eskolan aniztasuna presente daukagu,  eta horrek aberastu egiten gaitu. Euskarak desberdinak batzen gaitu.  Kultura eta hizkuntza desberdinak ditugu gutariko askok, baina euskara denok daukagu.  

Guztiona eta bakoitzarena izan dadin, ahalegina egin behar dugu denok;  baina ez korrika eginez bakarrik, baizik eta erabiliz eta erabilaraziz.  

Kontua ez da ondo egitea, egitea baizik. Erabiltzea. Bizitza ematea.  Batzuetan hitzak faltako zaizkigu, ez dugu jakingo nola esaten den  euskaraz esan nahi dugun hori, baina zenbat eta gehiago erabili, geroz  eta hobeto hitz egingo dugu, eta gero eta errezagoa egingo zaigu gure  artean euskaraz komunikatzea. Euskaraz izatea. Komunean, pasabidean, jantokian, parkean, plazan, mendian, kalean. Ezin gara  euskaldunak izan euskaraz egin barik, euskaraz hitz egiten ahalegindu  barik. Gu, euskaldunak gara, euskara maitatzen, ikasten eta erabiltzen  dugulako. Eskatu, galdetu, eman. Gozatu, poztu. Eragin, eraiki, ibili, erabili. Hizkuntza erabiltzen duenarena da. Euskara gurea da.

Eta… zer da euskara? Altxor bat dela esan dugu, bai; baina erronka bat  da, erabaki bat. Opari bat. Mundu berri bat ezagutzeko aukera emango  digun atea da euskara. Gutariko askorentzako errezagoa da gazteleraz  hitz egitea, gure artean gazteleraz hitz egiteko ohitura izan dugu. Baina  azken egunetan gero eta euskara gehiago entzun da eskolan, gero eta  gehiago saiatu gara euskeraz hitz egiten gure artean, euskarari bizia  ematen, alegia. Eta hori da jarraitu behar dugun bidea. Erabaki bat da,  gutariko bakoitzak hartu dugun edo hartu behar dugun erabaki bat. Gure ondorengoek ere aukera izan dezaten altxor hau ezagutzeko, euskara  ikasteko, euskaraz bizitzeko. Euskara ez galtzeko.

Euskara delako gu guztiok batzen gaituena, aniztasuna, berdintasuna,  elkartasuna, maitasuna. Bihotza, lasaitasuna, lana, elkarlana. Alaitasuna,  satisfakzioa, irribarrea, zoriontasuna. Baina… erabiltzen ez badugu… euskara larrialdia, arriskua, alarma ere  izan al da. Ekaitza, beldurra, izerdia. Gaua, iluntasuna, lokatza. Odola,  gorria. Baina euskara ez da gorria, ez behintzat gorria bakarrik.  Eta… ze kolore du euskarak? Euskarak mila kolore ditu, kolore biziak.  Horren adibidea, euskalkiak. Euskara gorria da, baina berdea ere bada.  Euskera morea da, horia da. Euskara denona da. Guk, koloretan amestu nahi dugu, koloretan esnatu, jolastu, ikasi, kantatu,  dantzatu, barre eta negar egin. Ederra da benetan elkarrekin maitatzea, elkarrekin bibratzea, elkarrekin  euskaraz izatea.

Eta bukatzeko… irribarrea ahoan eta poza bihotzean, argi eta garbi diogu: HARRO HERRI! 

Ez ahaztu! Denok elkarrekin! Gora Korrika eta Gora euskara!