Azkena Rock Festival, Gasteiz, 2024ko ekaina. Antolatzaileek jarduera berritzaile bat iragartzen dute: ARF txiki du izena eta haurrei zuzendutako gune berezi bat da. Bertan, umeek rokanrolarekin harremantzeko aukera izango dute. Ez dut ulertzen eta, gainera, zer pentsatu handia ematen dit. Antzeko egoerak bilatzeari ekiten diot. Erraz aurkitzen ditut. Haurtxoentzako antzerkia. Lepoa tente nekez mantentzen duten pertsonei zuzendutako antzerkia? Kosta egiten zait ulertzea. AC-DCren grabazioak haurren belarrira ekarriak. Haurrentzako egokitutako Kixotea. Haurrentzat moldatutako Biblia, Odisea, Iliada, Romeo eta Julieta... Ulertzen saiatzen naiz. Ez dut lortzen. Zer deabru ari gara egiten?
Haurrak helduon mundura erakartzen ditugu, gure mundua ulertzera eta gure munduan parte hartzera behartzen ditugu beraiena ez den mundu bat bere egin dezaten. Eta zer ezkutatzen da horren guztiaren atzean? “Gurea” betikotzeko grina? “Gurea” imitatu, errepikatu eta iraunarazi beharreko eredua delako konbentzimendua? Ala erosotasuna baino ez da?
Formulatutako arrazoietako edozein sukaldatzen den plateraren osagai izan liteke. Hala ere, oraindik formulatu gabeko hipotesi baten aldekoa naiz ni: helduoi gutxi interesatzen zaigu haurren mundua; uko egiten diogu haurtzaroarekin konektatzeko eta enpatizatzeko ahaleginari. Beren interes eta motibazioak arrotzak zaizkigu.
Emandako hipotesiak edozein korronte pedagogikotara eta haurren bizitzako beste edozein esparrutara esporta daitezkeela uste dut, eta ez soilik aisialdiarekin, kulturarekin eta denbora librearekin zerikusia duenera. Eta horrek guztiak izen bi ditu: ezarpena eta asimilazioa. Hitz potoloak, zalantzarik gabe.
Hasi bezala bukatuko dugu: utz diezaiegun haurrei haur izaten, utz ditzagun haurrak bakean.