Urte batzuk igaro dira, urte dezente, doktore tesia defendatu zuen iraileko egun hartatik. Heriotzaren eta doluaren tratamendua haur eta gazte literaturan izan zen ikerketa lan hartan garatu zuen gaia. Haur literatura betidanik maite zuen. Heriotza, jakina, ez zuen batere gustuko. Baina doktore-tesiek gai originala edota gutxi ikertua eskatzen dute, eta huraxe izan zen, hain zuzen ere, haur literaturaren ikerketa-mundu txiki eta apalari egin nahi izan zion ekarpen txiki eta apala. Zuzendariei proposatu zien gaia. Egun gutxi eta luze batzuetan zalantzan egon ondoren, sinatu egin zuten.
Ikerketak aurrera egin ahala, harenganako interesa areagotu egin zitzaion. Eskerrak, ez baita batere atsegina izaten denboraren zati handi bat bost axola zaizun zerbaiti eskaintzea. Gure gizarteak (eta ekonomiak) asko daki honetaz. Baina, tira, goazen harira!
Tesiaren defentsa desiratuaren eta beldurgarriaren eguna iritsi zitzaion. Segur aski, erabakia aspaldi zegoen hartua, baina epaimahaiari bere lana justifikatzea tokatzen zitzaion, eta "akusatuari", izerdia botatzea.
Epaimahaikideetako batek metafora geometriko bat erabili zuen galdera egin aurretik. "Triangelu berritzaile bat marrazten ausartu zara, hiru alde sentikor eta irregularrek osatutakoa", esan zion. "Bere erpinen bidez haurtzaroa, literatura eta heriotza lotzen ditu. Baina, arren, zintzo erantzun: benetan uste al duzu heriotza gai egokia dela haurrekin hitz egiteko? "
Doktoregaiak arnasa hartu eta listua irentsi zuen erantzun aurretik:
“Gasteizko umeez ala Gazakoez ari zara?”
Aspaldiko istorio honen gainerakoa, zoritxarrez, etorkizunik gabeko oraina da.